Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma
Bilduma Iraunkorrak Solomon R. Guggenheim Museum, Peggy Guggenheim Collection eta Guggenheim Bilbao Museoari dagozkien fondoak barne hartzen ditu. Horien bilduma osagarriek, orokorrean, XX. mendeko arte plastikoen ikuspegi sakona eskaintzen dute, mendearen hasieratik abiatuta maisu-lan ugari eskainiz.
Solomon R. Guggenheim Museum-ak abangoardiako artearen bilduma garrantzitsuenetako bat du, eta bereziki esperimentu erradikalenak barne hartzen ditu XX. mendearen lehenengo erdiko abstrakzioaren arloan. Bilduma honetan, maisu handiak agertzen dira: Paul Cézanne, Pierre Bonnard, Pablo Picasso, Fernand Léger, Georges Braque edo Marc Chagall; Vasily Kandinsky, Paul Klee edo Piet Mondrian; Jackson Pollock, Jean Arp, Joan Miró, Alberto Giacometti, Constantin Brancusi, edo garaikideagoak diren artistak, esaterako, Joseph Beuys, Jannis Kounellis, Robert Rauschenberg edo Andy Warhol. Veneziako Peggy Guggenheim Collection-ek arte modernoaren korronte figuratiboen ordezkariak biltzen ditu, esaterako, Max Ernst, René Magritte, Yves Tanguy edo Salvador Dalí, Marcel Duchamp, Man Ray edo Kurt Schwitters bai eta beste batzuk ere, Giorgio De Chirico, Francis Picabia edo Rufino Tamayo, adibidez. Fondo horiei legatu eta eskaintza aipagarriak gehitu zaizkie, mendearen ikuspegi panoramikoa osatuz: Tannhauser bilduma, Nierendorf bilduma, Katherine S. Dreier-en legatua eta Panza bilduma.
Bilbaoko hiriak aparteko aukera eskaintzen du munduan fondo esklusibo batez gozatu ahal izateko, XX. mendeko artearen adierazpen bikainenetakoek osatua izanik, lehenengo abangoardietatik hasi eta gaur egunera arte. Bestalde, partekatutako bildumak museo-eredu berri bat esan nahi du: ez da bilduma finko bat, etengabe erakusgai dagoena alegia, bere fondoak partekatzean XX. mendeko artearen ikuspegi anitzak aurkeztea eta bere edukiak berritzea ahalbidetzen baitu.
Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma, gainerako Guggenheim bildumekin koherentzia gordez sortua eta garatua, 1945etik orain arte izandako aparteko oparoaldian oinarritzen da. Lau kategoria nagusiren inguruan antolatuta dago: maisu-lanak, artistak sakontasunean, azkenaldiko nazioarteko artea -bertan artista euskaldunak eta espainolak nabarmentzen dira- eta Museoaren espazioetan propio kokatutako lanak.
Lehenengo kategoria maisu-lanaren kontzeptua da. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak espresionismo abstraktuaren lan aipagarriak ditu, mugimendu hori garrantzitsuenetako bat izanik gerra osteko artearen historian. Mugimendu horretako hiru artisten funtsezko lanak agertzen dira, Willem de Kooning, Mark Rothko eta Clyfford Still-enak alegia. Horrez gain, pop artea dago erakusgai, Robert Rauschenberg, James Rosenquist eta Andy Warholen lanen bidez, mugimendu horren aparteko adierazleak izanik. Artista amerikarren kontrapuntu gisa, Europako artisten maisu-lanak barne hartzen dira, esaterako Yves Klein, Antoni Tàpies edo Eduardo Chillidarenak.
Bildumaren bigarren lehentasuna artista batzuei bereziki eskainitako fondo osatuagoak eratzea zen, beren ibilbidea deskribatzearren. Metodo honek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-aren adibideari jarraitzen dio, bertan XX. mendearen hasierako maisuen lan ugari biltzen baitira, bereziki Vasily Kandinsky eta Paul Kleerenak. Anselm Kiefer izan zen artisten artean aukeratutako bat, Alemaniako korronte neoespresionistari lotua. Bildumak, hogei urtetan zehar egindako ibilbide artistikoa ezagutzen laguntzen diguten lanak hartzen ditu bere baitan.
Kieferren irudia ere Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma zuzentzen duten kategorietako batean barne hartzen da, hirugarrenean hain zuzen, Europako artearen azken hamarkadetako artista esanguratsuei zuzendutako lorpenen ildotik. Christian Boltanskiren instalazioetako bat edo Gilbert & George-ren fotomuntaietako bat baliabide tradizionalagoez egindako obrekin batera agertzen dira, esaterako Jean-Michel Basquiat, Enzo Cucchi edo Julian Schnabelen pinturekin, edota Sigmar Polkeren collage batekin. Euskal Herriko eta Espainiako artea, nazioartean ezagunak diren artistek ordezkatzen dute -Txomin Badiola, Miquel Barceló, Francesc Torres, Susana Solano edo Cristina Iglesias-, orain agertzen ari diren artista bikainekin batera -Juan Luis Moraza, Darío Urzay edo Prudencio Irazabal-.
Frank O. Gehryk sortutako eraikinaren identitateak laugarren kategoria osatzen du, lorpen-programa garatzeko oinarritzat hartua. Guggenheim Bilbao Museoaren espazioak gure garaiko artearen edozein adierazpide bertan bildu ahal izateko pentsatuta daude, bai eta horietan erakusgai jartzen diren obrak nabarmentzeko eta euren arteko elkarrekintza sortzeko ere. Multzo honetan sartzen dira Jenny Holzerren Bilbaorako instalazioa, Richard Serraren Suge handia, 104 aretoaren erdian altxatzen dena, Sol LeWitte-ren # 831 Murala (forma geometrikoak), artistak 208 aretorako propio pintatu zuena, eta Francesco Clementeren Amaren gela, hamasei pinturek osatua.
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN HISTORIA
Europan, Arte Moderno eta Garaikidearen Guggenheim Museorako egoitza bat Bilbaon kokatzearen proiektua Euskal Administrazioek garatutako jarduera batzuetan du sorburua, hain zuzen ere Euskal Herriko egitura ekonomikoaren birsorkuntza-prozesuan laguntzeko eta Bilbao inguruan egituratutako eremu metropolitarra ardatz Atlantikoko eskualdeen erreferentzia-gune bihurtzeko. Hala, Guggenheim Bilbao Museoa elementu nagusietako bat da Bilbaoko hiria berriro urbanizatzeko planaren barruan, munduko arkitekto famatuenek sortutako beste proiektu handi batzuekin batera: portuaren zabalkuntza, Santiago Calatravari eskatutako aireportuaren berrikuntza, Federico Sorianok diseinatutako Kongresuen Jauregia, Sir Norman Fosterrek diseinatutako metroaren eraikuntza, eta Santiago Calatravak diseinatutako ibaiadarraren gaineko oinezkoentzako zubi baten eraikuntza. Gainera, plan honetan César Pellik asmatutako urbanizazioa aurreikusten da, hain zuzen ere ibaiadarraren ezkerraldean zehar Guggenheim Bilbao Museoaren ondotik doan zona zabala hartzen duena.
Guggenheim Bilbao Museoa Euskal Administrazioen eta Solomon R. Guggenheim Foundation-en arteko aparteko lankidetzaren emaitza da, dagozkien baliabideen osagarritasunean oinarrituta. Euskal Administrazioak, garapenaren aldagai gisa kulturari ezinbesteko papera eskaintzen dion ikuspegi estrategiko batez, Museoa eraikitzeko finantzaketa eskaintzen du, Solomon R. Guggenheim Foundation-ek bere aparteko bildumak eskaintzen dituen bitartean, bai eta erakusketa berezien programak eta nazioartean duen esperientzia ere, museoen administrazioaren eta gestioaren alorretan.
Guggengheim Museoen Bilduma Iraunkor bikaina bere barruan hartuko lukeen eraikina altxatzeko, Frank O. Gehry aukeratu zuten, eraikin berezi bat egiteko gai den arkitektoa, hori izanik, hain zuzen ere, proiektuaren ezinbesteko baldintza. Museoaren eraikina elkarren artean konektatuta dauden bolumen batzuek osatzen dute, batzuk forma ortogonala dutenak, kararriz estaliak, eta beste batzuk kurbatuak eta bihurtuak, metalezko oso azal leunez estaliak, titaniozkoak alegia, "arrainen ezkaten" antzera; bolumen horiek beirazko gortina-hormekin konbinatuta daude, eraikin guztiari gardentasuna emanez. Orokorrean, Gehryren diseinuak, berez arte-lan bat izanik, egitura berezia, ikusgarria eta nabarmena sortzen du, hiriaren ingurunerako atze-oihal gisa presentzia eskultorikoa lortuz.
Gaur egun errealitate bihurtu den Guggenheim Bilbao Museoak gure mendeko artea erakusgai jartzeko bokazioaz zabaldu zituen bere ateak, bai eta publikoa hezitzeko asmoz, arte modernoa eta garaikidea ulertu eta baloratzeko, eta gainbeheran zegoen eskualdea indarberritzeko helburuarekin ere, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arloetan, hain zuzen. Inauguratu zenetik denbora pasa da, eta Museoa orain Bilbaoko hiriarekin estu lotuta dagoen osagaia da, bertaratzen direnen miresmena eta ikusmena pizten jarraitzen duena.