Planoan non dagoen:
Dominika talde batek Somera kalean zeukan etxea uztea eta Ibeni auzoan komentu bat eraikitzea erabaki zuen, 1513. urtean. Bi urte geroago, Gizakundearen Komentua sortu zen.
Komentu zahar horretan gordetzen dira Bilboko historiaren hainbat eta hainbat pasarte garrantzitsu; izan ere, erlijioarekin oso lotuta egon da beti eta familia dirudunek aukeratu dute beren hilobiak egiteko. Filosofia eta Teologiako lehen katedrak hantxe izan zuen egoitza, eta gerra garaian kuartela eta ospitalea izan zen. Gainera, bost uholde jasan ditu; horietako azkena, 1983koa, lau metro eta hamar zentimetrotara iritsi zen, eta eraikina guztiz urpean gelditu zen.
Foru Aldundiak, Elizbarrutiak eta Bilboko Udalak elkarrekin lan egitea erabaki zuten 1991. urtean, eraikina zaharberritu eta bertan Eleiz Museoa jartzeko.
Eraikin berria lauki formako patio baten inguruan egin zen, bere hegaletatik bi zaharberrituak dira eta beste bat berregina (Gizakundearen Parrokiako dominikoen bizilekua). Azkenak, lehen ez zegoenak, patioa ixten du hegoaldean.
Eraikina zaharberritzean, asmoa eraikin zaharraren hainbat alderdi gordetzea izan da. Alde berria zaharrarekin ondo adosteko ahaleginak egin dira, biek osatzen duten multzoaren armonia mantentzeko, iragana eta orain aldia egokiro elkartzen dituen eraikina sortu nahian.
Patioa ixten duen eraikin berrian zaharberritze lantegia eta bulegoak daude. Eraikin zaharreko beheko solairuan bilera-gela, liburutegia, ikus entzunezkoen gela eta erakusketa-areto bi daude, azkenak elkarrekin lotuta. Eraikineko lehenengo eta bigarren solairuetan museoko erakusketa-eremua dago.
Erakusketaren sailak:
Elizkizunetarako zilarreria.- Sail horretan 279 pieza daude, Erdi Arotik gure mendera bitartekoak. Horietako gehienak Diozesiko parrokietatik datoz. Bakoitzak balore handia dauka, bai materiala bai artistikoa, baina batez ere bere esanahia, bere helburua du: erlijio adierazpena, elizkizunak. Azpimarratzeko dira bertako piezak (adib., Bilboko pieza puntzoidunik zaharrenak, ezagutzen direnen artean), baita Bizkaiko indianoek Ameriketatik bidalitakoak ere.
Mezatako jantziak.- Apaingarri horiek, beren kolore, forma, estilo eta material anitzekin, elizkizunetan erabiltzeko egin ziren. Joko oso bat dago ikusgai, eta bakoitza zertarako erabiltzen zen azaltzen da. XVI eta XX. mende bitarteko hainbat pieza ere badaude, denak guztiz interesgarriak.
Herriaren fedearen adierazpenak.- Atal honetan erlijiozko arteak historian zehar izan dituen adierazpenak erakusten dira. Ibilbidea ANDRA MARIAren aretoan hasten da; bertan XIII eta XVI. mende bitarteko irudiak bildu dira, Euskal Herriko ikonografiaren adierazpenik hurbilen eta hunkigarriena direnak. Hona beste aretoak:
Erdi Aroa, aldi hispano-flandestarra eta Errenazimentua: altzariak, harrizko eta alabastrozko piezak, egurrezko tailak, taulak eta oihalak, bai bertakoak bai kanpokoak. Adierazpenak, batez ere, Gurutzeko Kristorenak eta Santuenak dira.
XVII eta XVIII. mendeetako Barrokoa: oihal gaineko pintura da nagusi. Garrantzizko piezak bildu dira, mota anitzekoak: batzuk gorteko margolarienak (Mignard, Jordán, Carnicero, Carmona, del Arco eta abarrenak); beste batzuk, erregio edo herrietakoak. Ustez Jordánenak diren margoak azpimarratu behar dira bereziki.
Neoklasizismoa eta Aro Modernoa, gure garaira arte: atal hau ez da hain garrantzitsua, gainontzeko guztiarekin konparatuta, Elizaren eragina eta erosteko ahalmena apurka--apurka murriztu baitira. Hala ere, badaude balore handiko piezak eta izen ezagunak: Paret, Asorey, Urrutia, Romero de Torres, Moisés Huerta, ...
Edukiak
Zilarreria, meza emateko jantziak, eskulturak, pinturak, altzariak, alabastro eta bolizko gauzak eta etnografia.