
San Telmo Museoa Donostiako Udal Museoa da, 1902an sortua eta 1932tik XVI. mendeko San Telmo komentu dominikarrean kokatua, hiriko alde zaharrean. Gaur egun itxita dago, burutzen ari den birgaitze eta handitze proiektuaren lanak direla eta. Aurreikuspena publikoari ateak 2010. urtean berriro irekitzea da.
San Telmoko proiektu berriari buruz hitz egiten dugunean, ez gara soilik erreforma-proiektu arkitektonikoaz eta erakusketaren modernizazioaz hitz egiten ari; museoaren aldaketa sakon bati buruz, kontzeptuaren berrikuspen bati buruz ari gara, museoaren definizioa, helburuak eta funtzionatzeko modua ukitzen dituena.
Proiektuak, San Telmo ondare eta kultur zentro gisa bihurtzen du, ikuslearekin duen harremanean turismoaren, hezkuntzaren eta kultur aisialdirako eskariaren zerbitzura bideratua.
Proiektuak eraikinaren izaera monumentala indartzen duen proposamena egiten du, atal nobleak erabilera publikorako errekuperatuz, eraikina ulertzea eragozten duten eranskin guztiak eraitsiz, eta eraikinari eranskin berriak gaineratzea saihestuz.
Eraikina, berez, hiriaren historiaren erreferente eta arkitektura bereziko eraikin eta monumentu historiko-artistikoa izanik, Sert-en Mihiseak ere biltzen dituena gainera, funtsezko elementua da museo berriaren erakusketa-eskaintzan.
Museoa lanengatik itxita dagoen bitartean, eskaintza didaktikoa eraikinetik kanpo egiten diren jardueratan oinarrituko da. Gainera, Urgull mendian, Motako Gazteluan, “Donostiari begira” titulua duen erakusketa ireki da 2007ko ekainean, hiriaren historiaren 800 urteetan ibilbide interesgarri eta erakargarria egiten duena.
|