XIX. mendearen hasieran egin ziren lehen saioak ordurarte idiek, zaldiek eta meatzariek berek mugitzen zituzten meategi hasi berrietako trenei Watt-en lurrin-makinaren indarra emateko. 1803. urtean Richard Trevithick-ek (ingelesa) tren-makina bat egin zuen, esan daiteke hori dela munduan egin den lehen tren-makina edo lokomotora. Baina 1829. urtera arte ez zuten "Rocket" izenekoa egin. Tren-makina hori da, George Stephenson-ek egin zuena, gero egindako lokomotoren oinarria, baita mende hau aurreratu xamarra zegoelarik egindakoena ere. Lurrinezko tren-makina asmatzearekin batera trenak sekulako garapena izan zuen eta berehala zanbaldu zen, Europan eta Iparrameriketan lehendabizi eta mundu osoan zehar gero.
Trenak garrantzia handia izan du Euskal Herriko bizitza sozial eta ekonomikoaren egituraketan, trenaren bitartez ordura arte gainditu ezinak ziren oztopo eta hesiak igaro baitziren eta handik hona ibiltzeko egunak behar izaten baldin baziren lehen, bidaia hori bera ordu gutxitan egin ahal izan zen trenari esker. Hori oso garrantzitsua da jendea mugitzeko, baina are gehiago merkantziak garraiatzeko. Sortzen ari zen industriak trena izan zuen aliaturik onena, izan ere haren bidez gero eta lehengai gehiago iristen ziren lantegietara eta haien produktuak gero eta merkatu zabalagoa hartzen joan ziren. Gaur egungo Euskal Herria bertatik bertara dauden industri desberdin horiek gabe ulertzen zaila da, baina garbi dago hori horrela izan dadin sekulako papera bete duela trenak, trenik gabe ez baitzen industri iraultzarik izango.
Museoko bildumak
Ibilgailuak.- Hirurogeita hamairu ibilgailu daude, Euskadin egon diren tren sistema guztietakoak, lurrinezko tren makina zaharrak, bi solairutako trolebus ikusgarriak, lokomotora diesel eta elektrikoak, kotxeak, bagoiak, tranbiak eta zerbitzutarako ibilgailuak. Horien guztien bitartez gure burdinbideetan barrena ibilitako tren mota desberdin asko ikusteko aukera daukagu.
Ibilgailu gehienak erakusgai egoteaz gain erabili ere egin daitezke; horietako asko martxan jartzen dira eta ibilbide historikoak egiteko modua ematen dute urteko asteburu guztietan museoa eta Lasaoko tren-geltoki zaharraren artean dagoen trenbidean barrena, Urola ibaiaren bailarako parajeak zeharkatuz, museoa ikustera joaten direnek garai batean bidaiak nola egiten ziren jakin dezaten.
Kronometria.- Burdinbidearen Euskal Museoan erloju bilduma eder bat dago. Bilduma horren bidez ikus daiteke erlojuek azken bi mendeotan zer nolako bilakaera izan duten. Badira zintzilikari erlojuak eta irrati bidezko erlojuak ere.
Makina erreminta.- Museoa Azpeitiko geltoki zaharrean dago. Bertan dago Urolako Tren zaharra konpontzeko tailerra zena ere, erabat zaharberritua. Tailer hori 1925. urtean sortu zen eta bertan lanean aritu ziren harik eta Urolako Trenak 1986. urtean azken bidaia egin zuen arte. Urte horietan ez zen inolako aldaketarik egin tailerrean. Gaur egun han gorderik dauden makina erremintak daude erakusgai, eta makina horiek nola lan egiten duten ere ikus daiteke, 18kw besterik ez duen motore elektriko batek ematen dion energiaren bitartez, barra, polea eta soka bidezko sistema erabiliz.
Bestelako bildumak.- Museoan badaude bestelako bildumak ere, aurreko horiek bezain garrantzitsuak direnak gainera: farolak, bidaiak egiteko txartelak, konpostoreak, takografoak, eraikuntza eta matrikulazio plakak, maketak eta abar. Horiek jasota egotea oso garrantzitsua da, trenak Euskal Herrian izan duen bilakaera azaltzeko behar beharrezko gauzak baitira.
Aipatzekoa da Urolako Trenaren azpizentral zuzentzailea ere bertan jarrita dagoela, Euskadiko lehen elektrifikazioen adierazgarri.
Liburutegia, argazkitegia eta bideotegia ere badadude. Bertan jasotzen dira trenarekin eta burdinbidearekin zerikusia duten hainbat eta hainbat liburu eta irudi, Euskal Herrikoak batipat.
Gaur egun museoan dauden bildumak ez dira behin betikoak eta itxiak. Trenaren bilakaerak aurrera egiten duen neurrian museok iadanik erabiltzen ez diren elementuak ere jarriko ditu erakusgai.
Edukiak
Trenak, makina erremintak, erlojuak eta bestelako elementuak, hala nola, argiak, telefonoak eta abar
|