Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika barneratuz, Zestoako erdigunetik metro gutxitara eta Ekain kobazulotik 600 metrotara aurkitzen da. Sastarrain bailaran dago kokatua, bailara hau orain dela 14000 urte Ekain kobazuloko artistek beren bizimodua egiten zuten bailara izanik. Ekainberrira oinez gerturatu beharra dago, ez da motordun ibilgailurik onartzen, Ekain eta honen inguru naturala ez kaltetzeko xedearekin.
Ekain kobazuloko erreplika Montignac-eko (Frantzia) S.K. Produktions enpresak egin du, Renaud Sanson-en gidaritzapean. Ekainberrik aurkezten dituen marrazkiak Ekain kobazuloko marrazkien berdin-berdinak dira, teknika eta material berdinak erabiliz egindakoak.

Ekain kobazuloa 1969. urtean ekainaren 8an aurkitu zuten. Deba herrian dago kokatua, Sastarrain ubideak sortzen duen izen bereko bailaran, historiaurreko ezarmendu batentzako leku aproposean. Zestoako herritik kilometro batetara aurkitzen da, bertatik sarrera egokia izanik.
Kobazuloa orain dela 14000 urte, Madelein aroan egindako labar pinturengatik da ezaguna. Aipatu beharra dago pinturen kontserbazioa aparta dela. Kobazuloan 70 animali daude irudikatuta, horietatik 64 marraztuta egonik eta 6 grabatuta. Gehiena agertzen den animalia zaldia da. Kobazuloan marraztuta dagoen zaldi multzoa Frantzia eta Kantabriako kobazuloetako marrazkien artean ederrenetakoa da eta mota horretako arteari erreparatuz hoberena. Zaldiez gain beste animali batzuk ere aurkitu daitezke, hala nola, hartzak, oreinak, bisonteak…
2008. urteko irailaren 11an inauguratua, Ekainberriren helburua da aparteko kultur ondare honen zabalkundea eta gendearengana gerturatzea. Horrela bada, Ekain kobazuloko erreplika honi esker eta Ekainberrin egiten diren ekintza eta tailerren bidez, Unescok 2008. urtean Munduko Gizateriaren Ondare izendatu zuen kultur ondare hau ezagutu, sentitu eta ulertu dezakegu.