Hemen erakusten dena, Felix Murgak, donazio, lagapen, erosketa eta indusketak direla medio bildutako pieza-multzotik aukeratutako sail bat da. Bilketa-lan hori 1978 urtean hasi zen "Misión Rescate" taldearekin eta gaur egun Aztarna taldearekin jarraitzen du. Zeramika-multzo hau nekazal bizimoduaren eremu ezberdinei (laborantzako lanak, erlijio errituak, etxeko lanak, etab.) dagokie eta Museo Etnografikoaren lehenengo urratsa da.
Pieza hauek, buztin errez eginak eta gehienak esmaltatuak, XVIII. mendeaz gero belaunaldi batetik bestera igarotako artisau teknika zaharrak erabiliz egin ziren. Teknika hauek piskanaka baztertuta gelditu ziren industri prozesuak eta material berriak sartzearen ondorioz.
Erakusketa atalka antolatuta dago. Atalak irizpide funtzional baten arabera eratu dira: janariak gordetzeko ontziak, isurkiak edukitzekoak, janariak sutan prestatzekoak eta mahairako ontziak, apaingarriak etab.
|