Arabako Foru Aldundiak 1942an Arabako Etxe gisa sortua. Ricardo Augustin jaunak eta Elvira Zulueta andreak 1912an Javier Luque eta Julián Apraiz arkitektoei eraikiarazi zieten etxe-hotelean kokatu zen hasieran. Etxea Errenazimenduko jauregietan inspiratutako estilo historikoan egina da.
Bere inauguraziotik aurrera, Arabako Arte Ederren Museoa bere bildumak handiagotuz joan da. Horren ondorioz, azpiegitura eta eraikin berriak sortu behar izan dira. Horrela, hirurogeiko hamarkadan zehar, jatorrizko eraikinak zabalkuntza bat izan zuen museo honetan gordailaturiko Fernando Amarika fundazioaren lanak, besteak beste, hartu ahal izateko.
Gaur egun, hiru arkitektura atal desberdinetan banatzen da: eraikin nagusia, Augustinen jauregia izandakoa, hirurogeiko hamarkadan zabaldutako partea eta erantsitako eraikin bat, erabat berria. Azken honetan kokatuta dago Museoko sarrera.
BILDUMA
1999. urtera arte, Museoaren fondo guztiak ikusi ahal izan ziren bertan, XIII. mendetik gaur egun arte doazen hainbat bildumatan banatuta. 1999 eta 2001. urteen artean egindako eraberriketaren ondorioz, Arte Ederren Museoak XVIII. eta XIX. mendeetako espainiar artea eta 1850-1950 bitarteko euskal artea edukiko du, Arabako Foru Aldundiaren jabetzako lanekin eta Prado Museoaren eta Fernando Amarika fundazioaren gordailuekin.
XVIII. eta XIX. mendeetako espainiar artearen bilduma, batez ere, erretratu eta paisaien bitartez azaltzen da. Bertan, trantsizio bat nabari daiteke: aristokraziaren eta burgesiaren giroetan oso modan zegoen pintura klasiko eta akademiko batetik, erromantizismoaren saio berezko eta irudimentsuagoetara, edo mugimendu errealistako autoreen jarrera zuzenago eta objektiboagora.
Hainbat aretotan, ikusgai ditugu zenbait autoreren erretratuak, hala nola Vicente Lopez, Raimundo Madrazo eta Joaquin Sorolla, eta paisaiak, Carlos de Haesenak, Jaume Morerarenak, Enrique Serrarenak eta Josep Masrierarenak, besteak beste; halaber, generoko pintura, Jose Mª Lopez Mezquita eta Jose Mª Sert-en lanekin, Benlliure, Julio Antonio eta Jose Clara-ren brontzezko eskulturen ondoan.
Bilakaera historiko-artistiko berbera gertatu zen berrogeita hamarreko hamarkada arteko euskal artearen bilduman. Honek, euskal kostunbrismoaren bilduma ere deituak, joera berriak ekartzen ditu, hala nola inpresionismoa eta postinpresionismoa. Autore hauek beren inguruneko eta garaiko nekazaritza eta industria gizartearen lekukotasuna eskaintzen digute euren lanetan. Erakusketa honek agerian jartzen du nola, lengoaia tradizionalekin batera, mugimendu eta joera berriekiko harremanetan zeuden zenbait artistaren ekarpen pertsonalak ere bazeuden. Modu horretan, XX. mendearen lehen herenean, behin betiko sendotu zen garai hartan Euskal Eskola izena jaso zuen artista taldea.
Aretoetako batean, nabarmentzekoa da Arabako pinturaren giltzarrietako bat den Ignacio Diaz Olano margolaria; bere lanetan ia genero guztietan aritu zen, baina batez ere bere sorterriko ohitura-gaiak landu zituen. Halaber, bateratu egin zituen pintura eta irakaskuntza-lanak, arabar artista ugariren maisua izan baitzen.
Beste areto batzuetan, erretratuak, paisaiak eta generoko eszenak ikus daitezke, Aurelio Arteta, Francisco Iturrino, Elias Salaberria, Juan Etxebarria, Dario Regoyos, Valentin eta Ramon Zubiaurre, Ignacio Zuloaga, Gustavo Maeztu edo Pablo Urangarenak, besteak beste; Ipar Euskal Herriko artisten lanak ere badaude, duela gutxi eskuratzen hasi direnak.
Bigarren solairuko leku guztia Fernando Amarika margolari gasteiztarraren lanei eskainita dago. Haren izena duen fundazioak gordailaturik daude Museo honetan. Ibilbideak, denboraren arabera antolatuta, haren bizitzan zehar jarraitutako joera estilistikoen segida eta beren mihiseetan paisaia islatzeko zeukan zaletasun berezia erakusten ditu.
Bilduma iraunkorraz gain, noizean behin aldi baterako erakusketak antolatzen dira, bai bertako funtsekin eta bai kanpokoekin.
|