Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kultura Ondarea
  4.  
  5. Arabako Museoak
 
Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa
Aurkezpena  | Jarduerak | Informazioa
Museoaren Barrukoa

1997ko urrian Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa sortzea hitzartu zuten Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Sailak eta Gasteizko Elizbarrutiak, Andre Maria Sortzez Garbia Elizaren Ama izeneko Gasteizko Katedral berrian, Elizbarrutiko eta Arabako Lurralde Historikoko Arte eta Historia Ondarea zaindu eta zabaltzeko.

Katedrala eraikin neogotikoa da, 1907tik 1969ra bitartean egina, eta 5740 m2-ko azalera du. Bere girolan dago Museoaren erakusketa iraunkorra. Bi nabe kontzentrikok osatzen duten zirkulu erdia da, eta bertan eskultura garrantzitsuak eta Pariseko eta Madrileko Maumejean Etxeak egindako beirategiak daude.

1999ko apirilaren 30etik dago bertan Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa. Arkitektura proiektuak eraikinaz gozatzeko aukera ematen du, aretoak leku ireki gisa baitaude diseinatuak. Museoak hamaika areto ditu, kapera moduan ezarriak, konpartimentazio sistema arinen bitartez.

Piezak bi irizpideren arabera daude kokatuak: bata, historikoa, estilo desberdinen bilakaera ikusteko modua ematen duena: Prerromanikoa, Erromanikoa, Gotikoa, Berpizkundea eta Barrokoa; bestea didaktikoa, lehentasuna artelanak egiteko erabili diren material eta teknikei ematen diena.
Emaitza gisa, oro har bost material eta teknikarekin bat datozen bost ataletan dago banatuta: Harria, Enborra, Ohola, Mihisea eta Zilarra, gehi Liturgua izeneko atal berezia.

  • Sarrera Aretoa: atal bakoitzaren adierazgarri den pieza bat. Bideo gela eta aldi baterako erakusketen aretoa ere bertan daude.
  • Harria, bi areto: eskultura prerromanikoak eta erromanikoak. Atal honetan Arabako kristautasunaren arte adierazpen zaharrenetako batzuk ditugu; baita ehorzketa arloko elementuak (estelak, hilobiak), liturgia altzariak (aldareak) eta eskultura lanak dituzten arkitektura elementuak ere (kapitelak, leihateak, atariak, harburuak, mentsulak). Hainbat maketa eta argazkiren bitartez, bisitariak eremutarren fenomenoaren eta tenplu erromaniko adierazgarri batzuen berri jakin dezake. Erakusten diren lanek aldi kronologiko oso zabala hartzen dute: V. mendetik XIV. mendera.
  • Enborra, bi areto: irudigintza gotikoa. Nabarmentzekoa da Haurrarekin dauden Ama Birjinen zurezko irudien bilduma. Andra Mari motakoak dira. Horiekin batera, Kristo Gurutziltzatuaren eta herriak debozio handia dien santuen irudiak daude. Hainbat taula margotu ere badaude. XIII., XIV. eta XV. mendeetako lanak dira.
  • Liturgua, areto bat girolaren erdiko kaperan. Burdinsare batek bi espazio banatzen ditu; sarrerakoan, XVI. mendeko irudigintza dago. Burdinsarearen atzean aldare neogotiko bat, lehendik Katedralean zegoena; baita kristau gurtzaren adierazgarri diren hainbat objektu ere. aldarea mahai zapi eta aurrekoekin, ekisaindua, kaliza, kopoia, sakrak, bakemailea, erlikia ontzia, argimutilak, kantu liburua, liturgiako apaingarriak, zutargi bat… Erakusketa didaktikoa izaki, lanak ez daude hautaturik kronologia eta estilo irizpideen arabera, kultu katolikoaren adierazgarri izateari erreparatuta baizik.
  • Ohola, bi areto: triptiko flandestarren bilduma, erlikitegi-bustuak, Bariko San Nikolasen erretaula, Labrazako San Mikelen taulak, Juan de Antxietaren erliebeak… aukera handia, Gotikotik hasi eta Berpizkunde bete-beteraino. Lan guztiak XVI. mendekoak dira. Museoaren Barrukoa
  • Mihisea, bi areto: mihise gaineko pinturako maisu lanak. Ibilbidea estilo manierista duen lan batekin hasten da (Grecoren San Frantsizko) eta italiar joerako margolan barrokoekin jarraitzen du (José de Ribera, Luca Giordano). Espainiako eskolen ordezkari, besteak beste, Andre Maria Sortzez Garbiaren mihise hauek daude: Alonso Canorena eta Juan Carreño Mirandarena. Lanak XVII. eta XVIII. mendeetakoak dira.
  • Zilarra, bi areto: elizako urregintzaren bilakaera ikus daiteke, Erromanikotik hasi eta XX. mendearen hasierako “neo”etaraino, bilduma zabal baten bidez: prozesioko gurutzeak, ekisainduak, kopoiak, kalizak, pixideak, krismaontziak, nabetak, erlikitegiak. Atal hau osatuz, beira arasa bat bolizko piezekin eta Santa Eulaliaren erretaula, Markinezekoa. Bildumako lanak XIII. mendetik XX. mendera artekoak dira.

Katedraleko beste gune batzuetan ere badago zer ikusi: Katedral Berriaren jatorrizko proiektuaren maketa, Corpus Christi eguneko prozesiorako katedraleko ekisaindua eta arte balio handiko XVIII. mendeko Jaiotza napolitar bat.