Arabako Arkeologi Museoa eta Arma Museoa, biak, Gebara-Gobeo-San Jaun etxean kokatuak egon ziren 1966 eta 1975 urte artean baina, 1975ean, Arma bilduma gaur egun kokatua dagoen lekuan jarri zutenean, museo hau Arkeologi Museo soil gisara eratu zen.
Museoak Arabako Historiaurretik hasi eta Gasteiz hiri gisa eratu zen arteko ezagupenen sintesia egiten du, arkeologi metodologia aplikatu ondoren lortu ahal izan diren bertako biztanleek utzitako aztarnak erakusgai jarriz.
Museoaren gaur egungo eginkizuna ez da aintzinako aztarnak ikusgai jartzea bakarrik, horrez gain aztarna horiek dokumentatu, ikertu eta zaindu egiten ditu eta, aldi berean, jendeari eta adituei horren guztiaren berri eman.
Erakusgai dauden pieza guztiak izugarrizko balioa dute, horretan ez dago zalantza izpirik ere, pieza horiek Arabako aspaldiko bizimodua nolakoa izan zen ikertzeko giltza ematen baitigute. Denen artetik baten bat aukeratu behar izanez gero, honako hauek aukeratuko genituzke behar bada: trikuharrietako arreoak, La Hoyako aztarnategiko brontzez egindako apaingarriak (II. Burdin Arokoak) Iruñako Zaldunaren hilarria, Erromatartzeari buruzko areto berria, erromatar epigrafia eta Los Goros edo Escotako gerrikoetako plakak, aro bisigodokoak.
Esan beharra dago, halere, arkeologoentzat museoan bildutako pieza bakoitzaren balio zientifikoa ez dagoela piezak balio duen diruaren edo pieza horren estetikaren baitan, baizik eta aztarnategian nola agertu zen, nola jaso zen, zer harreman dituen bertan aurkitutako beste elementuekin eta iragana ulertzen laguntzeko zein datu ematen dituen, horren baitan.
Museo hau, gainera, Arabako aztarnategietan egiten diren kanpoko arkeologi lanak sustatu, koordinatu eta kudeatzeaz arduratzen da.
Edukiak
Paleolitiko eta Erdi Aroa bitartean Araban garatutako kultura ezberdinei dagozkien materialak daude erakusgai. Aurrehistoria eta Protohistoriari eskainitako atalean: Paleolitikoa eta Epipaleolitikoa. Neolitikoa eta Eneolitiko-Kalkolitikoa. Brontze eta Burdin Aroak.
Beste atal batek Erromatarren Garaia biltzen du eta hirugarren batek, Erdi Aroa.
|