Arabako Arma Museoan jasota dauden erasorako eta defentsarako armek horiekin zerikusia duten tresnak eta bestelako gauza pertsonalen bildumak oso ondo erakusten digute historian zehar izan diren armen bilakaera, bereziki mendebaldekoena.
Museoa gaur egun dagoen lekuan kokatu zenean, 1975eko uztailaren 7an, erakusketa antolatzeko oinarrizko irizpide egokia irizpide kronologikoa izango zela pentsatu zen, era horretara, armek historiaurretik XX. mendera arte izandako bilakaera argi eta garbi ikusteko aukera egongo zelako. Helburu nagusia pedagokikoa da, armen forma eta apainduretan agertzen den alderdi teknologikoa eta artistikoa ahaztu gabe, noski.
Harri Aroko eta Metal Aroko armen erakusketan, badira Araban egindako indusketetan aurkitutako arma oso interesgarriak ere. Beraz, gure aintzinako kultura eta garai bereko mundu osoko herriena elkarturik ikusteko aukera daukagu.
Erromatarren eta bisigodoen garaiko armei eskainitako sail txiki baina interesgarriaren ondotik, hasierako Erdi Aroko armak daude erakusgai. Horien artean aipatzekoak dira Campilloko gainean zegoen aintzinako "Gasteiz" herriskatik datozenak, oraingo Vitoria-Gasteiz hiriaren jatorrizko hirigunetik datozenak alegia.
Oso garrantzitsua da Erdi Aroaren bukaerako eta bereziki XVI. mendeko altzairu-jantzi edo arnesen eta gudu-jantzien bilduma. Azken hori bilduma oso oso aberatsa da gudurako jantziaren alorrean, Italiako, Alemaniako eta Espainiako errenazimenduaren adierazgarri.
Suzko arma motz eta luzeen sorrera eta haien bilakaera nolako izan den erakusten duten pieza ugari dago Museoan ikusgai. Horietako batzuk Independentzi Gerrari eskainitako azpisailean daude jarrita. Gerra horren pasarte oso garrantzitsua izan zen Gasteizko Batailaren nondik norakoak bertan parte hartu zuten pertsonaia garrantzitsu zenbaiten guaza pertsonalen, guduan erabilitako armen eta guduaren aldi garrantzitsuenen berri ematen duten maketa eta diaporamen bitartez dago adierazia.
Badaude sail txiki batzuk ere arma arabiar, afrikar eta ekialdekoei eskainiak. Horien bidez Europan egiten ziren armen erakusketa osatzen da ikuspuntu historiko eta artistikoaren aldetik
Museoan badago gainera liburutegi espezializatu bat gai honetako bildumazale eta ikerlari ororen eskura.
Edukiak
Armek Historiaurretik XX. mendeko hasiera arte jasandako bilakaera dago ikusgai, hala nola ezpatak, dagak, erromatarren garaikoak, Erdi Arokoak eta abarrekoak. Gasteizko Batailari espreski eskainitako atala ere badago.
|