Beraz, oro har, behatokiak kultura-sektoreko estatistika-informazio guztia sortu (beren kabuz edo enkarguen bidez), sistematizatu eta jorratzen jarduten dira. Hori da bete beharreko lehen funtzioa, alde batetik datu-eskasia eta, bestetik, sakabanatzea baitira, gehienetan, ezaugarri orokorrak. Kultura-sektorea da estatistika-informazio fidagarri eta erregular gutxien duen esparruetariko bat eta horregatik behatokia abian jartzearekin lortu nahi den erronketariko bat kultura-sektorea, datuen trinkotasun eta bilketari dagokionez, beste jarduera-sektore batzuekin parekatzea da. Zeregin hori betetzeko, ohikoak dira estatistika-institutuekin egindako akordioak, kultura-errealitatearen azterketarako baliabideak lortzeaz gain zorroztasuna eta metodologia egokien aplikazioa bermatzeko.
Behatokiak informazio kualitatiboa egiteaz ere arduratzen dira, gutxien aztertutako gaiak, zeharkakoak edo estrategikoagoak direnak jorratzen dituzten azterlanen bidez. Alderdi horrek estatistiken inguruan egiten den lana indartzen du, argudio- eta teoria‑corpus garrantzitsua sortzearen balio erantsiarekin. Azken finean, behatokiaren zeregina lurralde jakin baterako kultura-informaziorako erreferentzia zerbitzu bihurtzea da.
Orain arte abian jarritako kultura-behatokiak gutxieneko oinarri horietatik abiatuta garatu dira, arreta beren antolamenduaren edo agintearen alderdi batean edo bestean jarriz. Hemendik aurrera ereduak diseina daitezke aplikatuko duen lurralde-esparruaren, estatistika-funtzioak jardueran duen pisuaren, antolamendu-egituraren, titulartasunaren eta beste hainbat alderdiren arabera.
Kultura-behatoki gehienak Europa kontinentaleko tradizioaren gertuko herrialdeetan daude (Frantzia, Italia eta Kanada dira esperientzia gehien izan dituzten herrialdeak); aldiz, orbita anglosaxoiko herrialdeek Arts Councilei lotutako edo zuzenean Kultura Ministerioen mendeko beste formula batzuk garatzeko joera izan dute. Azken kasu horietan “behatzeko” funtzioa gehienetan ingurunea ezagutzera zuzentzen da, baliabideen banaketaren inguruko erabaki egokiak hartzeko. Beraz, berariazko behaketa da, helburu jakin bat duena.
Horrez gain, erakunde ugari daude, beren burua kultura-behatoki gisa izendatzen duten arren, horien bigarren mailako funtzioren bat besterik betetzen ez dutenak: unibertsitateak, proiektu europarrak koordinatu eta ezartzen dituzten zentroak, tokiko ekimena nazioarteko beste ekimen batzuekin harremanetan jartzen duten zentroak edo nazioz gaindiko konparazio-ikuspegitik lan egiten duten ikerlari-agentziak.
Estatistika-funtzioak behatokiaren baitan duen pisua nabarmena da tipologia ezartzerakoan. Behatoki batzuek beren jardueraren erdigune gisa estatistika-zeregina hartzen dute; beste batzuk, aldiz, estatistika-azterlanak sortu eta erabiltzen dituzten arren, kultura-sektore desberdinak babesteko funtzioa hartzen dute, analisi kuantitatibo eta kualitatiborako gakoak emanez.
Izan ere, hasieratik arreta estatistika-zerbitzuko zereginean jartzen duten behatokiak dagozkien Estatistika Institutuekin jartzen dira harremanetan edo estatistika-lanak gauzatzen dituzte. Hori da Quebeceko behatokiaren edo Frantziako DEPSren kasua. Quebeceko behatokia, hasieratik, inkestak egiteko gaitasuna zuen estatistika-zerbitzu gisa eratu zen, Quebeceko Estatistika Institutuaren administrazio-unitate gisa hartu baitzen. Halaber, Frantziako Estatistika Institutuak izendatuta, DEPS da kultura-esparruan estatistika-datuak sortu eta hedatzeko arduraduna.
Aldiz, badira beste behatoki batzuk, informazio kualitatiboagoa sortzen dutenak eta beren ekintzak kultura-sektoreak babesten eta bultzatzen kontzentratzen dituztenak. Horixe izango litzateke Piemonteko (Italia) edo ARTECAko (Frantzia) behatokien kasua, biak tokiko kultura-lankidetza sustatzeko sortu baitziren. Beraz, nolabaiteko elkarrekikotasuna ezar daiteke arreta estatistikan jartzen duten izaera nazionaleko behatokien eta, lurraldetik gertukoagoak direnez, harremanak gehiago jorratzen dituzten tokikoen artean.
Behatoki-mota baten edo bestearen bereizgarri den beste ezaugarri bat titulartasuna edo egitura juridikoa da. Aurrez esan behar da kasu guztietan behatokien funtzioa eta bokazioa publikoa dela, baina aldatzen dena (eta, neurri handi batean, desberdintzen dituena) bere egituran gehienetan irabazi asmorik gabekoak izaten diren eragile pribatuak izatea edo ez izatea da. Badaude behatoki guztiz publikoak eta administrazioarekiko inolako autonomiarik ez dutenak (hori da Frantziako DEPSren kasua, Kultura Ministerio frantsesaren mendekoa da) edo patronatu gisa eratu diren behatokiak, eragile pribatuentzako atea irekia utziz (Piemonteko Behatokia eskualdeko tokiko administrazioek, banku-fundazioek eta ikerketa-institutu publiko eta pribatuek osatzen dute).
Munduko kultura-behatokien egoeraren berrikuspena egin ondoren, ondorio gisa esperientzia horien azpian zer ikaskuntza dagoen planteatu behar da. Esan daiteke kultura-behatoki batek oreka mantendu behar duela, hala bere mandatuan nola funtzionamenduan, ezagutza sortzeko zorroztasun metodologikoaren eta sektore desberdinekin izan beharreko harremanen artean. Ziurrenik funtzio bat ezin da bestea gabe ulertu eta biak etengabe atzeraelikatzen dira emaitzarik onenak lortzeko. Kultura-behatokiak, beraz, oinarri solidoen eraikuntzatik abiatu behar du -azterlanak garatzeko oinarri izango den esparru estatistikoa ezartzea-, bere agintearekin erlazio zuzena duten eragile eta sektoreen partaidetzarekin -administrazio eta erakunde publiko desberdinak, unibertsitateak, kultura-sektoreak-.
Nazioarteko esperientzien azterketatik atera daitekeen lehen ondorioa kultura-politiken heldutasunaren eta kultura-behatokia izatearen arteko korrelazioa da. Egitate hori kausaltasun-harreman bikoitz osagarritik ulertzen da. Behatokiak kultura-politikaren eta kultura-sektoreen ikuspegitik heldua den testuinguruan bakarrik aurkitzen du lekua. Heldutasun horretan bakarrik gerta daitezke behatoki bat sortzeko behar eta baldintzak. Baina, aldi berean, aztertutako behatokiek ez dute errealitatea aztertzeko bokazio pasiboa bakarrik. Beren behaketako zereginak errealitatean eragiten du, aldatu egiten du. Behatokiek informazioa, ezagutza, berrikuntza sortzen dute eta elementu horiek, definizioz, aldaketa eta garapenerako faktore dira.
Xavier Fina
Eulàlia Formiguera