Euskal gizataldeen IV mundu biltzarra
Josu Legarretarekin hizketan, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bidez, Euskal Gizataldeen IV Mundu Biltzarra antolatu du. 2007ko uztailaren 9tik 13ra bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian izango da, euskal gizataldeek, euskal etxeek, euskal etxeetako federazio nahiz konfederazioek eta euskal erakundeek elkar ezagutu dezaten eta lankidetzan aritu daitezen. EAEko 8/1994 Legean ezarritakoaren arabera, Biltzarra lau urtez behin biltzen da.
“Zubigintzan” izenburupean, gizabanakoen, elkarteen, enpresen eta gobernuen arteko komunikazio era berriak irekitzeko eta bultzatzeko xedea izango du, beti ere Euskal Herriaren eta bere diasporaren arteko lotura sendotu eta batetik besterako bidea gerturatuko duten norabide askotako zubiak eraikiaz. Josu Legarretaren iritziz, “euskal gizataldeetan belaunaldien arteko erreleboa, munduan eta kulturan gertatzen ari diren aldaketak, eta programa berri asko martxan jarri diren legez, zubi berriak ezarri behar dira”. Izan ere, orain arte antolatu diren Biltzarren izenburuetan Euskal herria eta diasporaren arteko harremanen eboluzioa nabaritzen da, “Etorkizuna eraikitzen” (1995), “Euskadi munduan eraikitzen” (1999), “Aurrera goaz” (2003) eta “Zubigintzan” (2007).
Aurtengo Biltzarrean 21 naziotatik 130 kongresu-kidek hartuko dute parte, beraien artean, Gaztemundu programaren bidez datozen 30 gaztek, ofizialki errekonozitutako euskal etxeak dauden herrialdeetako hiruna ordezkariek eta Lehendakariaren gonbidatuek.
Biltzarraren Irekiera-hitzaldia Gloria Totoricagüenaren kontura izango da, Nevadako Unibertsitateko Centre for Basque Studies-en zuzendaria dena.
Aztertuko diren gaien aurrerapena
Iraganari begira
Lan-ekitaldiak gaur egungo egoeraren azterketarekin hasiko dira, hain zuzen ere orain arte egindakoaren emaitzekin. Helburu horrekin 4 urterako egitasmoaren (2003-2007) ebaluaketa bidali diete euskal etxeei. Legarretaren hitzetan, “dokumentu horretan azaltzen da zenbateraino bete diran programak, hurrengo 4 urterako 50 proposamen berriak eta indarrean dagoen araudia aldatzeko proposamenak, hauei buruz euren eritziak eta ekarpenak jasotzeko”.
Alex Ugaldek, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen irakaslea dena, atzerriko euskal gizataldeekiko harremanak 25 urtetan zehar, 1980-2005, txostena aurkeztuko du, non Euskal etxeek ospatu dituzten euren arteko kongresuetan esandakoari buruz, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna aztertzen den. Bestalde, Legarretak azpimarratzen duen bezala, Euskal Etxeen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanen ondorioz 1986 urtetik hona sortarazi diren espedienteen azterketa, memoria batean jaso da. Honek, euskal emigrazioari buruzko ikerketa lanak egiteko aukera emango du unibertsitate eremuan.
Urazandi proiektuaren barne dagoen liburu bildumaren azken lau argitalpenak aurkeztuko dira, baita aldizkari eta egunkarien digitalizazio proiektua, “guztira, 180.000 orrialde digitalizatu dira, 14 DVDtan bildu direlarik. Azken ehun urtetan Ameriketan argitaratutako aldizkarien digitalizazioa da” zehaztu digu Legarretak. Horretaz gain, hitzarmen bat sinatu da Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, EHU, Bahia Blanca-ko Unibertsitatea eta Argentinako federazioaren artean “Vascos en la prensa americana” ikerlana bultzatzeko. Bahia Blanca-ko egunkariek ehun urtetan zehar euskaldunei buruz zer esan duten aztertu da. Lehenengo pausua, ikerketaren arazoak eta kontzeptuak ezartzea da, zer den euskaldunei buruzko berri bat mugatzea eta nola egin behar den bilketa, alegia. Ameriketako prentsa guztian agertu den Euskal herriari buruzko informazioaren bilduma egiteko asmoa dago. Proiektu hau aurrera baldin badoa, Legarretak “munduko lehenengoak izango gara herri baten emigrazioari buruzko horrenbesteko informazioa bilduko dugunak” azpimarratzen du.
Alfredo Asiainek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko lurralde honetako ondare ez-materialaren Artxiboaren Zuzendari teknikoa dena, bertan eta Akitanian egin den emigrazioaren esperientzia eta testigantzaren bilketa aurkeztuko du.
Euskal etxe eta gizataldeen egoera
Euskal etxeen eta federazioen, NABO (North American Basque Organisations), FEVA (Federación de Entidades Vasco Argentinas), besteak beste, gaur egungo egoera eta etorkizunerako proiekzioa azaltzeko ponentziak antolatu dira. Eusko Jaurlaritza AEMIn (Asociación de Instituciones Europeas de las Migraciones) sartu berria da, eta horren berri emango dute Benan Oregik, Lehendakaritzako Kanpoko ekintzarako teknikaria dena, eta Brian Lambkinek, Ipar Irlandako Omagh hiriko Ulster-American Folk Parken Migrazio Ikerketetarako Zentroaren sortzaile eta Zuzendaria eta AEMIko Presidentea dena.
Enprebasken eta Emakunderen hitzaldiak eta mahai inguruak ere izango dira.
Etorkizunari begira
Hirugarren egunean hemendik aurrera dauden asmoak eta proiektuak azalduko dira, Euskarari eta Etxepare Institutuari dagozkionak besteak beste.
2007-2011 lau urterako planaren aurretiko Ondorio Agiriaren proposamenak biltzarrean zehar sortzen diren eztabaida eta gogoeta guztiak jasotzen ditu. Agiri hau Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeari aurkeztuko zaio, aipatutako epealdirako prestatu behar duen lau urterako planean jaso ahal izan dadin. Legarretaren hitzetan, etorkizunari begira “legearen atal batzuk garatu behar dira, normatibak berriztatu, itzultzen direnentzat laguntzak ezarri... Euskal etxeei diagnostikoa eta planteatu nahi dituzten ekintzak eskatu zaizkie eta baita euren kideen datu guztiak jasotzen dituen zerrenda ere. Datu zehatzetan oinarritutako diagnostikoa landu behar da etorkizunerako, horren arabera programaren lehentasunak berrikusteko”.
Informazio gehiago lortu nahi izanez gero, hona hemen Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren web orrialdea:
http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-11192/eu/