Behatokiaren parte-hartzea adierazle kulturalei buruzko ikastaroan
Maiatzaren 9an eta 10ean egin zen Valentzian Indicadores culturales en España: usos, necesidades y estrategias ikastaroa, Fundación Autor/SGAE eta Servici d’Assistència i Recursos Culturals de la Diputació de València erakundeek antolatuta.
Kulturaren eta gizartearen arteko erlazioa egunetik egunera konplexuagoa da; beraz, sektore kulturaleko profesionalei erabat lehentasunezkoa gertatzen zaie baliabide zehatz eta zorrotzak aurkitzea, beren erabakien ondorioak zorroztasunez balioesteko. Adierazle kulturalak dira baliabide horiek, eta horiei buruz “material asko dagoela argitaratua, baina ez dela gehiegi hausnartu horren gainean” adierazi zuen aurkezpenean Rubén Gutiérrez Castillok, ikastaroaren zuzendariak. Ekimen horrek, gabezia hori arintzeko asmoa duela nabarmendu zuen, eta, bere hitzaldian, hainbat hausnarketen ekarpena egin zuen adierazle kulturalen garrantziaren inguruan, bai politika kultural publikoaren, bai merkatura bideratutako erabaki pribatuen emaitzen ebaluazio egokia egiteko. Adierazleak zehatzak eta garrantzizkoak, sakonak eta zorrotzak izatea funtsezkoa da sektore kulturala, eta gizartea, eraginkortasunez antolatzeko eta hartutako erabakiak aproposak diren ala ez aztertzeko.
Bi egunetan zehar, adierazle kulturalak egiteko estatu espainiarreko egoera aztertu zen, bai estatu mailako, autonomia erkidegoko, probintzia mailako eta udaleko esparruan gaur egun egindako ekimen nagusien aurkezpenaren bitartez, bai maila pribatuak eta unibertsitateak sustatutako beste aurkezpen batzuen bitartez.
Aurkeztutako proiektuen artean, hauek nabarmentzen dira:
- estatistika kulturalen Behatokia, Fundación Autor eta Valentziako Unibertsitateak sustatua,
- Valentziako probintziako mapa kulturala,
- politika kulturalen ebaluaziorako adierazleen sistema, FEMPek (Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioak) sustatutako Kulturaren Agenda 21en esparruan,
- adierazle kulturalen proiektua Kataluniako udalerrien esparrurako (PICEM), eta
- Kultura Ministerioaren adierazleak.
Adierazleak eskaera kulturalarekin, plangintza estrategikoarekin, politika kulturalaren ebaluazioarekin eta merkatuen ikerkuntzarekin lotzen zituen txostenak ere aurkeztu ziren.
Horretarako, adierazle kulturalak egiteko prozesuarekin erlazionatutako profesional nagusiek, ikertzaileek eta erakundeek hartu zuten parte ikastaroan, besteak beste, hauek: Fundación Autorreko Ikerketa Saileko Rubén Gutiérrez, Valentziako Unibertsitateko Ramón Llopis, OIKOS Behatokiko Jesús Mª Cantero, Xavier Marcé, SARCeko José Luis Pinotti, UPEFeko Kultura Saileko Juana Escudero, Kataluniako Generalitateko Kultura Saileko Eulalia Espinàs, CIMEC-Millward Browneko Pilar Granados, Kultura Ministerioko Estatistika Saileko Mª Ángeles Pérez Corrales eta Valentziako Unibertsitateko Antonio Ariño.
Kulturako Euskal Behatokitik Lurdes Aranguren (Behatokiko arduraduna) eta Aintzane Larrabeiti (koordinatzailea) joan ziren. Kulturaren Euskal Plana azaldu zuten lehendabizi, bai alderdi metodologikotik eta egiturazkotik, bai parte hartzeko prozesu gisa planteatuta. Ondoren, Behatokia murgilduta dagoen helburuetan, emaitzetan eta proiektuetan jarri zuten arreta, bereziki, garatzen ari den estatistika esparruan.
Ikastaroan parte hartzeak, bestalde, Behatokiak diharduen eremuaren antzeko lanetan ari diren erakundeekin eta entitateekin harremanetan jartzeko balio izan du.