Kulturaren Euskal Behatokiak 2009an hasten den ziklo berriko jarduera esanguratsuenak aurkezten ditu.
2009an, KEBren ibilbidean etapa berri bat hasi da. KEB proiektua 2006an gauzatu zen kulturaren eta haren sektoreen informazio-sistema erregularra eta egituratua edukitzeko beharrari erantzuteko.
Behatokiak diseinatutako eta kultura-eragileekin egiaztatutako estatistika-esparruaren ikuspegi globala eta sistemikoa hartzen du erreferentziatzat etapa horrek. Ikuspuntu orokor batetik, behaketa-ziklo bat hasten da, eta, helburua kulturaren ikuspegi orokor bat lortzea duenez, beharrezkoa du egungo testuinguruan kulturari sortzen zaizkion eztabaidei, joerei, erronkei eta erabilera berriei adi egotea. Jarrera honek ezagutza eta jokabide kritikoa izatea eskatzen du, eta Behatokiak, baldintza horiek indartzeko, kontrastegune, hausnarketagune eta eztabaidaguneak irekiko ditu kulturaren alorreko espezialista eta aditu garrantzitsuekin.
Ziklo honek ez du begirada desbideratzen espezifikotasun sektorialetik. Arte eszenikoari, musikari, ikusizko arteei eta ikus-entzunezko sektoreari buruzko informazioa biltzen ari dira une honetan. 2009ko jardueren artean sartzen da artxiboen gaineko eragiketa berri batekin ondareari lotutako eremuen deskribapena osatzea. Laburbilduz, lehenbiziko aldiz, masa kritiko nahikoa egongo da eskaintza kulturalaren egoera ekoizpenaren eta erakustaldien ikuspuntutik ezagutzeko. Kultura-eragile profesionalen espektro zabal bateko partaideak zeintzuk diren, non dauden eta zer egiten duten jakingo dugu. Orain arte erantzun osorik izan ez duten oinarrizko galderak dira; egun bizi duten errealitatearekin bat datozen egoeren deskribapena eskaini ahal izateko aztertu eta interpretatu beharko diren ezinbesteko datuak.
Bestalde, gai batzuek zeharka begiratzea eskatzen dute. Adibidez, finantzaketa eta gastu publikoaren pisua kulturan; beste adibide bat kultura-sormenaren azterketa da. Interes berezia hartzen du, halaber, euskal kulturan euskarak bizi duen egoera ezagutzeak. Elementu horiek guztiek gurutzatutako azterketak eta erretratuak behar dituzte, eta KEBk sektore-espezifikotasuna gainditzeko duen interesa osatuko dute.
Kultura-errealitatea aztertzeak eta ezagutzeak berezitasun nabarmenak dituen errealitate bati egokitutako metodologiak, tresnak eta teknologiak kudeatzeko sistema bat izatea eskatzen dute. Begiratzea eta begiratzen jakitea gauza bera ez direnez, deskripziorako estatistika-eragiketak eta azterketa analitikoak gauzatzen eta puntako ikerkuntza-eremuei buruzko lan-sareak prestatzen ari da KEB. Horietako batzuetan oinarrizko informazio-iturrietara jotzen da errolda-eragileen bidez; beste batzuetan, bigarren mailako iturriak aztertzen dira; prentsan oihartzuna duen eskaintza kulturala miatzen da; nazioarteko jarduerak eta politikak aztertzen dira; beste herrialdeekin konparaziozko azterketak egiten dira; ikerkuntza kualitatiboak bultzatuko dira.
Gardentasun-politika eta sortzen ari den ezagutza balioztatzeko politika jarraitu du KEBk sortu zenetik, egin dituen aurrerapenen emaitzak zabalduz. Normala denez, jarduera hori asko haziko da, ziklo berri honetan informazio erabilgarriaren bolumena handia izango baita. Horrela, argitalpenak, bai digitalak eta bai paperean egindakoak, eta web-orria izango dira ikerketen emaitzak hedatzeko bide nagusiak.
Labur esanda, KEBk 2006an hasitako eginkizunarekin jarraituko duen etapa bati hasiera emango dio, baina jarraipen huts bat baino zerbait gehiago izatea nahi du. Garai berri bat izango da, ekintza-erritmo iraunkorra eskatzen du, egungo erronka berriei erantzun ahal izateko oreka dinamiko bat, baina eratu zeneko helburuak ahaztu gabe.
INFORMAZIO GEHIAGO: