Kulturaren Euskal Plana: aukera-espazioak
Kulturaren Euskal Plana abian jarri zenetik ia 3 urte igaro dira, eta egoera berri baten aurrean gaude, Erakundearteko Batzordea (EAEko administrazioen arteko koordinazio-organoa) eraberritu egin baita.
Batzorde berri horrek Planaren garapenari beste bultzada bat emateko balio behar du, eta aurreko Batzordeak hasitako administrazioarteko elkarlan- eta koordinazio-dinamika indartzeko ere bai. Ahalegin nagusiak proiektu giltzarriak burutzera bideratu behar dira.
Planaren Idazkaritza Teknikoari dagokionez, 2007-2008rako ahaleginen helburua izango da partaidetza-bideak eta -espazioak indartzea, euskal sistema kulturaleko sektoreek beren helburuak muga ditzaten; hau da, sektore bakoitzeko lan operatibo espezifikoetarako planen definizio bateratuaren prozesuan sar daitezen.
Batzordearen lana kokatu ahal izateko, Kulturaren Euskal Kontseiluak onarturiko Kulturaren Euskal Planaren Gauzatze Balantzera jo behar da; 2006ko ekainaren 22an Planaren gauzatze-maila % 58,42koa zela dio balantze horrek.
Beraz, 2007-2008rako helburua da gauzatzeke dagoen Planaren % 41 garatu ahal izateko oinarriak jartzea eta sektore bakoitzerako prestaturiko languneetan zehazten diren ekintza espezifikoak gehitu ahal izatea Planera.
Helburu horretan, sektoreak Planaren beraren egituran barneratu ahal izateko diseinatutako lan-prozesua erritmo eta emaitza desberdinekin aplikatzen ari dira.
Sektore batzuek lan-dinamika hasi dute, eta beste batzuetan laster hasiko dira. Lehen taldean daude antzerkia, dantza, musika, ikus-arteak, artxiboak, liburutegiak, artisautza, museoak eta industria editorialak; eta bigarrenean, berriz, literatura, ikus-entzunezkoen industria eta ondarea. Gainera, komunikabideekin eta lurralde-garapenarekin (beste lurralde batzuekin lankidetzan aritzeko espazioak indartzea) erlazionaturiko beste bi talde eratuko dira.
Espazio horietarako definitutako lan-prozesuan zenbait fase ezarri dira, eta fase horietan administrazioei loturiko agenteek eta sektorearen ordezkariek parte hartzen dute.
Sektoreekin hasitako lan-dinamikei dagokienez, azpimarratzekoa da antolatutako sektore-lanerako espazioAK aukera-espaziotzat jo direla: abian jarritako taldeentzat, sektore-laneko espazio honetan parte hartzea beren lehentasunak finkatzeko eta prozesuaren amaieran administrazio guztien arteko konpromiso finkoa lortzeko aukera da.
Bestalde, prozesua ez da asmo oneko printzipio-adierazpen huts soila; emaitzak agiri operatibo batean oinarritzen dira, zeinean sektoreak datozen urteetarako lehentasunezko ekintzak zehazten baititu eta garatu beharreko zereginak, erantzukizuna, aurrekontua eta gauzatze-egutegia finkatzen baititu. Dagoeneko lortu dira lehen emaitzak, esaterako, Erakundearteko Batzordeak onartu berri duen liburutegien plan operatiboa.
Prozesua definitzen duten beste indargune batzuek administrazioekin hasitako dinamikarekin dute zerikusia. Horietarako, erlaziogune bat jarri da martxan, informazioa elkartrukatzeko eta koordinazio hobea lortzeko bide berriak aztertzeko.
Aurre egin beharreko erronken artean dugu oraindik martxan jartzeke dauden sektoreen aktibazioa; horien artean talde berriak (komunikabideak eta lurralde-garapena) eta ondarearekin erlazionaturiko lan-taldeak ditugu. Azken horientzat plan berezi bat prestatzen ari dira, aipatutako ondareari dagozkion Kulturaren Euskal Planeko ekintzen garapen falta desblokeatze aldera.
Bigarren erronka nagusia parte-hartze kanalak abian jartzea da. Horrela, ahalik eta pertsona gehienen ekarpena lortu ahal izango da taldeetako edukiak aberasteko gune birtualen bitartez.
Laburbilduz, interesak elkarren artean definitzeko erronka duten eta erronka horiek —administrazioen konpromisoari esker— proiektu jakinetara eramango dituzten sektoreetarako aukera-espazioa dugu.
Kulturaren Euskal Planaren Idazkaritza Teknikoa
KUALITATE LANTALDEA