Kultura enpresak, sektore sortzaileak eta enpleguaren sortzeari buruzko jardunaldiak
Vitoria-Gasteiz 2010eko ekainaren 14an
Biltzar eta hausnarketa ugari sortzen dira gaur egun, han eta hemen, kulturaren balio ekonomikoaren gainean, kultura-industrien garapenari eta sustapenari buruz, hiri eta lurralde sortzaileak jaiotzeari buruz…, eta horrek guztiak behartzen gaitu kultura eta garapenaren arteko eztabaida esparru berri batean kokatzera, alegia, nazioarteko krisi ekonomiko-finantzieroaren testuinguru batean, kontraesanez betea baina eredu ekonomikoaren eraldaketaren muinean dagoena.
Hala da, kulturaren eta haren esparruen arteko harremanei buruzko diskurtso-puzte handia bizi dugu, bai eta lurralde-garapenaren beste osagai batzuei buruz ere: turismoa, adibidez, edo lurraldeek talentu eta inbertsioari begira duten erakargarritasunaren hazkundea; edo, beste alde batetik, sormenaren puntako ekoizle moduan kulturak gizarte eta produktu-berrikuntzarako duen gaitasuna.
Kulturaren eragin ekonomikoa aztertzen denean, eztabaidaren muina zentratzen da herrialdearen Barne Produktu Gordinean duen ekarpenean eta sektore horretan sor daitekeen enplegu-gaitasunean (Jacques Delors-en enplegusorguneei buruzko txostenaz geroztik garatzen ari den diskurtsoa dugu, zeina Lisboako agendan eta sektore sortzaileen eraginari buruz Europako Batzordearen ekimenez azken urteotan egindako txosten ugaritan birformulatu baita).
Alabaina, kulturak enplegu-sortzaile moduan duen potentzialitatea luzaroan gutxietsi izan da, teknikoki ia enplegu osoa gertatu izan den garaietan, eta horrek baztertu izan du faktore hori kulturaren izari ekonomikoaren debatetik azken bosturtekoan.
Espainiak bizi duen krisi ekonomikoak –eraikuntza bezalako sektore heldu baina bultzatzaile batzuen gainbeherak areagotuak–, nazioarteko finantza-krisiarekin batera, batez ere 2008ko irailetik hona, enpleguaren suntsipenean izan dute eraginik nabarmenena. Horren aurrean, kulturak eta beste sektore sortzaile batzuek enplegua sortzeko duten potentzialitatea, apala baina benetakoa, berriro ari da protagonismoa hartzen. Ahaztu gabe kulturak berez duen balioa eta gaitasuna, jokamoldeak eta baloreak –baita ekonomikoak ere– aldatzeko.
Jardunaldiaren helburua
Jardunaldi honen helburua da “enplegua eta okupazioa” birkokatzea ekonomiaren eta kulturaren arteko harremanen eremu zabalean, nazioarteko hainbat egoerari buruzko datuak ezagutu, bai sustatze neurri zuzenen ondorioz bai zeharka kultura-enpleguari buruzko esperientzia arrakastatsuen berri izan, eta gogoeta egin enplegu-sortzaile moduan Euskadin kulturaren sektoreak izan dezakeen gaitasunaz. Jardunaldiak elkargune bat izan nahi du, kulturaren eta sorkuntzaren sektore pribatuko profesionalen artean, batetik, eta kultura, industria, sustapen ekonomiko eta enpleguaren alorreko arduradun politikoen artean, bestetik, ikuspuntuak partekatu eta bilguneak bilatzeko (70 pertsona bertaratzea aurreikusten da).
Egitura Proposamena
Gure proposamena da egun bateko jardunaldia egitea: goizez batik bat esparrutxostenak eta esperientziak aurkeztu, eta arratsaldez Euskadiko enpleguari
buruzko azterketa egin, bai eta azken eztabaida dinamizatzeko eta Euskadiko sektore sortzaileen egoeran aplikagarriak diren ondorioak ateratzeko balio
dezakeen mahai-inguru bat ere.
Ekitaldia Gasteizko Lakua Hotelean izango da. Ordutegia: 09:30etik 18:30era
Behin-betiko egitaraua [PDF - 58 KB]