Sormen-ekonomiari buruzko 2008ko txostena
Argitalpen berri honetan azaltzen da lehenbizikoz Nazio Batuen perspektiba sormen-ekonomiak ekonomia-, teknologia-, gizarte- eta kultura-garapenean duen eraginari buruz.
Izenburua: Sormen-ekonomiari buruzko 2008ko txostena
Egilea/Entitatea: Nazio Batuak
Hizkuntza: txosten osoa, ingelesez; laburpenak, gaztelaniaz eta frantsesez
Orrialde-kopurua: 357
Argitaratze-data: 2008ko apirila
ISBN: 978-0-9816619-0-2
Non eskuratu daiteke: Esteka honetan kontsulta daiteke, bai eta Lakuako Kulturaren Euskal Behatokian ere.
http://www.unctad.org/Templates/webflyer.asp?docid=9750&intItemID=2068&lang=1
Nazio Batuetako bost entitate garrantzitsuk nazioarteko lankidetza eraginkorragoa eta arlo berritzaile honetan politika publiko koherenteagoak lortzeko egindako ahaleginaren emaitza da txostena, eta sormena, jakintza eta informazioaren eskuragarritasuna funtsezko eragileak direla garapenerako hartzen du oinarritzat. Kontzeptu, erakunde, eta politika publikoen paradigma bat plazaratzen du, sormen-ekonomia mundu zabalean (garabidean diren herrialdeetan batez ere) garatzeko moduan izan dadin.
Testuinguru horretan, “sormen” kontzeptua esanahi honekin aurkezten da: ideia berriak formulatzea, eta ideiok artelanak, kultura-produktu originalak, sorkuntza funtzionalak, asmakuntza zientifikoak eta teknologia-berrikuntzak ekoizteko inplementatzea. Sormenak, beraz, garrantzitsua du alde ekonomikoa. Enpresa-ekimenari laguntzeko, berrikuntza pizteko, produktibitatea hobetzeko eta ekonomia-hazkundea sustatzeko moduek erakusten dute hori.
Txostenak sormen-ekonomiari buruzko kontzeptuak, metodoak eta egiturak bildu eta proposatzen ditu; herrialde batzuetan abiarazitako adibide eta esperientzia arrakastatsuak alderatzen dituen azterlana dakar; eta ildo estrategiko nagusiak iradokitzen ditu, zera azpimarratuz betiere: ministerioen arteko politikak egin behar direla, sormen-ekonomia ikuspegi askotarikoa delako.
Besteak beste, aitortzen da jabetza intelektualaren eskubideek gero eta zeregin garrantzitsuagoa izango dutela sormen-industriek sarrerak areagotzeko tresna gisa; konektagarritasuna eta horrek ekoizpen-, kontsumo- eta komertzio-moduetan nola eragiten duen aztertzen da; eta nazioarteko politiken eta gertaera globalen garrantzia aztertzen da.
Lehenengo aldiz erakusten dira sormen-produktu eta -zerbitzuen merkataritzak 1996 eta 2005 artean mundu eta eskualde mailan izandako joan-etorria aztertzeko datu ofizialak. Datu horien arabera, munduko merkataritzako goraka doazen sektoreen artean dinamikoenetarikoa dugu sormen-industria. Adibidez, tarte horretan, urtean % 8,8 hazi ziren sormen-zerbitzuak, eta hurrengo hamarkadan ere horrelatsu jarraitzea espero da.