Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kulturaren Euskal Behatokia

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Kulturaren Euskal Planak Euskadiko kultur sektoreen etorkizuna zehazten dihardu

Kulturaren Euskal Planak zehaztasun-faseari ekin dio. Dagoeneko, bederatzi plan operatibo onartu ditu beste horrenbeste kultur sektoretan, sektore desberdinetan indarrean jarri beharreko lan-ildo nagusienak jasoz. Kultura Sailburuak iragarri duenez, informazio publikora atera da Kultur Industria eta Arteetako Institutuaren lege zirriborroa.

argazkia

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua Miren Azkaratek Kulturaren Euskal Planaren baitan onartu diren lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean Donostiako Tabakaleran egindako agerraldi batean. Sailburuarekin batera, Gurutz Larrañaga, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea eta Kulturaren Euskal Planaren baitan biltzen diren kultur-eragile guztien ordezkaritza bat egon da prentsaurreko honetan. 

Hain zuzen ere, honako eragileak egon dira: Agustín Azkarate, kultur ondarearen arloko ordezkari gisa; Aizpea Goenaga, Antzerki sektorearen izenean; Laura Etxebarria (dantza); Dora Salazar (Ikusizko Arteak); Blanka Gómez de Segura (Artisautza);  Jose Mari Sors (argitalpengintza, literatura eta itzulpengintza); Jose Mari Goenaga, ikus-entzunezko sektorea ordezkatuz; eta baita Kultura Saileko Kultur Ondarearen zuzendaria Arantza Arzamendi, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria Iñaki Gomez Sarasola.

Sailburuaren hitzetan, "Kulturaren Euskal Planean jasotako ardatz estrategiko nagusietan izandako aurrerapenak maiatzaren 19an aurkeztu genituen, prentsaurreko batean.

Prentsaurreko hartan, Euskadiko kulturaren eremu osoan garatu nahi diren ekintza-lerro guztiei buruzko informazio zehatzik ez genuen eman nahi izan. Izan ere, maiatzaren 29an bildu zen Kulturaren Euskal Kontseilua, lan-taldeek garatutako ekintza-lerroak onartzeko.

Sektore bakoitzean garatu beharreko jardunbideak euskal kulturako sektoreetako ordezkariek beraiek aurkeztuko dituzte. Horregatik egin nahi dugu ekitaldi hau, adierazitako formatuan.

Sektore bakoitzean egindako aurrerapenen berri eman baino lehenago, azken hiru urte hauetan izandako bost zedarri nagusiak azpimarratu nahi ditut, nolabait ere Kulturaren Euskal Plana zutabe horien gainean ari baita eraikitzen.

1.- Kultura-gobernantza aurreratua

Horri dagokionez, azpimarratu nahi dut Kulturaren Euskal Planean kultura-gobernantza aurreratua betetzen ari garela. Hau da, kultura egiten duten eragileek aktiboki parte hartzeaz gainera, kultura-politika elkarrekin erabakitzen laguntzen digute. Bai definizioan, Kulturaren Euskal Plana agiri kolektibo bat izan zenez, bai garapenean zein gauzatzean. Hau da, administrazio publikoen, kultura-elkarte eta -entitateen, eta euskal kultura osatzen duten pertsonen artean egindako kudeaketa bateratu antolatuan oinarritutako proiektua da.

13 lan-talde daude martxan, eta 270 pertsona inguru ari dira Planaren exekuzioan parte hartzen.

2.- Kulturako sektoreak egituratzea, hitzarmena zabaltzeko

Kultura Saila hitzarmenen eta diru-laguntzen programa bat prestatzen hasi da, sektore guztiek egitura izan dezaten, indar daitezen, ordezkariak izan eta beren ahotsa nahiz proiektuak jakinaraz ditzaten. Hala, sektore bakoitzak bere jarreratik parte hartuko du kultura-gobernantzan; beren asmoak jakinaraziko dituzte eta gainerakoenak entzun, euskal kultura berrituaren lan kolektiboa den aldetik.

3.-Erakundeen arteko koordinazioa: kultura-politika integratua

Duela hiru urtetik, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru aldundietako, hiriburuetako udaletako eta EUDELeko kulturako arduradun gorenak hilean behin biltzen gara, proiektuak eta laguntza-sistemak hitzartzeko, erakunde bakoitzaren berariazko plangintzak jakinarazteko eta sektore bakoitzeko jardunbideak adosteko. Horri esker, politikak arrazionalizatzen eta optimizatzen, norabide berean joaten eta efektu biderkatzailea lortzen ari gara.

Alor horretan, hauek ere sartzen dira, besteak beste: 1) beste sail batzuetara bideratutako Kultura Sailaren ekimenak (Industria, Hezkuntza, Gizarte Gaiak…), 2) klusterrei laguntza ematea; esate baterako, ikus-entzunezkoari, 3) diru-laguntzez gaindiko finantziazioak bultzatzea, 4) Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolari laguntza ematea, 5) immigraziora zuzendutako kultura-ekimenak, eta 6) zeharkako eremuetan sartzea eta kultura-politikari balio handiagoa ematea erakundeetan, Gobernuaren politika publikoen barruan, dena bateratze aldera.

4.- Erakunde estrukturanteenen oinarria ezartzea

Martxan jarritako plataforma estrukturante batzuk finkatzeko fasean gaude; esate baterako, Euskal Kulturaren Behatokia, Kulturaren Euskal Kontseilua, Ikus-entzunezkoen Klusterra. Aldiz, beste plataforma batzuk garapen-prozesuan daude oraindik (Etxepare Institutua) edo onartzeke (Arteen eta Industria Kulturalen Institutua), eta politika publiko koherentea, elkarrekin kudeatua eta iraunkorra egituratzeko aukera ematen dute.

Aipatu berri dudan moduan, laugarren puntu honetan, Kultura Sailetik bultzatu behar dugun ekimen garrantzitsuenetako bat txertatzen da, Kulturaren Euskal Planaren esparruan.

Kultura Sailean urrats egokiak ematen ari gara, Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua izeneko ente publiko berria sortzeko eta horren haritik Lege gisa onartzeko bidean  informazio publikora atera dugu lege egitasmoaren zirriborroa.

Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutuaren zeregin nagusia euskal arte- eta kultura-ekoizpena sustatzea izango da. Zuzenbide pribatuko ente publikoa izango da, eta beraz, bere helburuak betetzeko behar adina autonomia izango du. Zuzendaritza organoetan kultur sektoretako ordezkariek hartuko dute parte.

Azken finean, institutu hori Kultura Sailaren beso exekutiboa izango da, arteei eta industria kulturalei laguntza emateko politikekin lotuta dauden alderdi guztietan, eremu horretako Euskadiko sormen- eta industria-ehuna indartzeko. Bere zeregina Kulturaren Euskal Planaren ildo estrategikoak garatzea izango da, egitura berri eta bizi batetik abiatuta.

Institutuaren helburuen artean, hauek azpimarra daitezke:

.-Sortzaileak, enpresak eta profesionalak sustatzea, hezkuntzan eta ikerkuntzan, sorkuntzan, produkzioan, banaketan/erakusketan eta kultura-hedapenean.

.-Arteetan eta industria kulturaletan sartuta dauden sektoreen jarduera dinamizatzea.

.-Sortzaileei eta kultura-enpresei laguntzeko programak ebaluatzea eta hobetzea, jakintzaren gizartean agerpen aktiboa izate aldera.

.-Euskal kultura-ekoizpena hedatzea.

5.-Kulturako sektoreak

Osotasuna ahaztu gabe, ez dago kultura-politikarik, baldin eta kulturako esparru eta sektore bakoitzean zehazten ez bada. Horren haritik, 13 lan-talde sektorialetatik 9k dagoeneko definitu dituzte beren plan operatiboak eta beste 4 horretan ari dira, 2008an zehar.

Guztiekin egindako lanak, haien ondorioek eta plan operatiboek Kulturaren II Euskal Planerako bidea erakusten dute; plan horretan, angelu kualitatibo, ideia eta dinamika berriak agertuko dira, besteak beste.

Joan den maiatzaren 29an, Kulturaren Euskal Kontseiluak osoko bilkura egin zuen Miramon Teknologia Parkean, eta 2008an eta 2009an garatu beharreko ekintza-lerro sektorialak onartu zituen, maiatzaren 19an euskal kulturaren eraikin berri izendatu genuena egiten jarraitzeko".

Sarrera honen ondoren, euskal kulturako eragileek Kulturaren esparru sektorialetan izandako aurrerapenen berri eman dute, bai eta 2009ra bitartean diseinatu diren ekintza-lerroen berri ere.


Kulturaren Euskal Planaren lan-ildo nagusiak sektoreka


Ondoren, Kulturaren Euskal Planean jasotako la-ildo nagusienak aurkezten dira sektoreka. Lan-ildo hauek maiatzaren 29an egindako Kulturaren Euskal Kontseiluan onartuak izan ziren.

Antzerkia

Antzerkian, lan-taldeek ondorioztatutako helburu nagusietako bat SAREA, euskal antzoki sarea, indartzea da.

Horren haritik, SAREAren egitura eta izaera aztertu nahi dugu, kudeaketa hobetzeko, prozesuak bizkortzeko eta efizientzia handitzeko. Hausnarketa estrategikoko prozesu horretan, sorkuntzaren, ekoizpenaren eta hedapenaren diru-laguntzei buruzko politika ere sakon aztertuko da.

Gainera, egoitza-programetan oinarritutako funtzionamendu-lerro berri bat sartu nahi dugu SAREAn, EAEko antzokiek eta antzerki-konpainiek lankidetzarako esparru bat izan dezaten, eta hala, alde guztien interesei mesede egin eta arte eszenikoak bultzatzeko balio dezan.

Euskadiko antzerkiaren esparru sektorialean, kaleko antzerkiaren programazioak bultzatzeko moduak bilatzen ari gara, antzokietako programazioen osagarri izan daitezen. Hala, arte eszeniko guztiei erantzun orokor bat eman nahi diegu.

Beste alderdi aipagarri bat nazioartekotze-plan bat inplementatzea da, euskal antzerkia sustatzeko atzerrian. 

Dantza

Dantzaren atal honetan, orain azalduko ditudan zenbait proiektu estrategiko zehaztuko ditugu:

Dantzarako Baliabideen Etxeak (Dantza Etxeak) sortzea lurralde guztietan. Epe ertainean, Etxe horiek garrantzizko erreferentziak eta elkarlanerako lekuak izango dira, Dantzaren inguruko ekimen publiko zein pribatuak garatzeko eta, aldi berean, haren ikusgarritasuna eta gizarte-presentzia indartzeko. Aldi honetako helburua Etxe horien lehen jarduera-nukleoa abiaraztea da; espazio bat lurralde bakoitzean, handik hasteko programak garatzen eta epe erdi-luzerako proiektuen garapena diseinatzen.

.-Dantzari eta eszena tradizionalari lotutako dokumentazioa koordinatu eta egituratzeko formula bat sortzea proposatu dugu, artearen alor horren egituraketa sustatzeko xedez.

.- Dantzaren eragileek araututako prestakuntzari lotutako alderdiei buruz hausnartzeko lan-talde bat sortuko da, sektoreko eragileen egoera eta eskaerak agertuko dituen dokumentu bateratua lantzeko xedez. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bidaliko zaio, eta harekin egingo da lan Goi Mailako Dantza Zikloaren sorreran aurrera egiteko.

Ikusizko arteak eta plastikoak

Atal honetako lan-taldeetatik atera den ondorioetako bat da beharrezkoa dela artearen irakaskuntza-sistemaren eraberritze orokorra sustatzea, sistemaren fase guztietan. Horri gehitu behar zaio orokortuta dagoela hezkuntzan arte-irakaskuntzaren presentziaren galeragatiko kezka. Azken batez, lan-alor horretan jarriko dugu arreta berezia.

Bigarren lan-alorra da EAEko ikusizko arteen sektoreko kultura-politikan aldaketak eta hobekuntzak sustatzea. Horretarako, txosten bat landuko da, sektore horretan Europan egiten diren kultura-politiken ereduei buruz.

Ikusizko arteei buruzko informazio-gune baten sorrera etab baita ikusizko arteei buruzko informazioa jasoko duen web-gune baten sorrera. Informazio-gune horretan, erakunde guztiek emandako laguntza eta diru-laguntzei buruzko informazioa emango litzateke, bai eta sektorerako interesgarriak diren beste informazio osagarriak ere.

Era berean, sektore honetako sektore-mahaia hainbat ekimen ari da aztertzen; besteak beste, beka eta laguntzen araudiaren eta eskaintzaren aldaketari buruzko ekimenak.

Alde horretatik, eta beka eta laguntzei dagokienez, beste hainbat berrikuntzen artean proposatu dugu Euskadiz kanpoko pertsonentzako partaide-kuotak irekitzea aztertzea. Hala, beka eta laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, oinarritzat hartuz Euskadin eragina duten proiektu artistikoak: Euskadin gertatu behar direnak edo lurraldearekin, nortasunarekin edo beste alderdi batzuekin zerikusia duten kontuei eragiten dietenak.

Literatura, liburua eta itzulpengintza

Bi dira literaturaren eta liburuaren alorrean sustatuko diren neurri garrantzitsuenak:

Alde batetik, nabarmendu behar da aurten adostasuna lortu dela literaturaren sektorearekin, urteroko Literatura Sarien oinarriak berriz osatzeko. Hala, hurbileko etorkizunean, literatura-sariek oinarri sendoagoak eta sektorearen adostasuna izango dituzte. Beste alde batetik, Euskadi Literatura Sarien kasuan, 2009. urtetik aurrera literatura-ilustrazioarentzako beste sari bat gehituko zaio, gainerako sarien diru-kopuru bertsua jasoko duena.

Atal honetan, euskal liburua eta literatura sustatzera bideratutako hainbat ekimen nabarmenduko ditugu. Horri esker, industria hori ikusgarriagoa egingo da, bai eta euskal sortzaileen lanak ere nazioarteko zirkuituetan.

Diru-laguntzen maparen berrikuspena ari gara aztertzen, bai eta irakurketa sustatzeko estrategia bat ere. Era beran, bultzada irmoa eman nahi dugu, literatura unibertsalaren katalogoa osatzeko.

Artisautza

Artisautzaren alorrean, artisauen katalogoak aurkezteko web formatuko tresna bat sortzea proposatu dugu, hedapenerako tresna gisa erabili ahal izango dena. Hiru foru aldundiekin garatzen ari garen ekimen horren barruan, feria interesgarriei buruzko informazioa-leihoa, sektoreko profesionalentzako esteka interesgarriak, artisauen datuak eta abar txertatuko dira.

Era berean, bigarren fasean, kontsultarako txosten bat egingo da, besteak beste, feria-politika, aldundien arteko irizpideen balizko bateratzearen ahalmenak eta hiru lurraldeetako laguntzen balizko bateratzearen ahalmenak aztertzeko.

Ikus-entzunezkoa

Ikus-entzunezko sektorerako proposatutako ekintza-lerroen artean, sektore horrentzako laguntzak eta diru-laguntzak berriz pentsatzea dago. Alde horretatik, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntza automatikoen sistema berri bat sortuko da, egungo laguntza selektiboen sistema ordezkatuko duena.

Beste ekintza-lerro bat da europar zine-eskola garrantzitsuenetan zuzendari berrien (edo gidoilarien, ekoizleen, argitzaileen eta abarren) presentzia bultzatuko duten prestakuntza-bekak sustatzea.

Era berean, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean lan egitea proposatzen dugu, ikastetxeetan ikus-entzunezkoa jarduera osagarri bihurtzeko. Organismo bat ere sortu nahi dugu, ikus-entzunezko sektoreari dagozkion ikasgai tekniko eta sormen-ikasgai tekniko guztiak emango dituen ikastetxe baten sorrera garatu eta ezartzeko.

Beste ekintza-lerro bat ere nabarmendu behar da: euskarazko filmen emanaldiak eta banaketa sustatzea. Xede horrekin, baliabide eta estrategiak zehaztu behar dira, euskarazko programazioa eskainiko dute zinema-sare egonkorra lortzeko, bai eta DVDen bikoizketa eta azpitituluak jartzea garatu ere.

Ildo horretan jarraitutako beste estrategia batzuen asmoa da EITBrekin sinatutako kontratu-programarekin zerikusia duten euskal kultura-edukiei ikusgarritasuna ematea edo euskal ekoizpenen nazioartekotzea bultzatzea.

Kultura-ondarea

Hauek dira euskal kultura-ondarearen alorreko lan-taldeetan zehaztutako proiektuak:

-Ondarearekin zerikusia duten proposamenen azterketa: legedia, eskumenak, lehentasunak, lan-irizpideak, elkarlanak …

-Prestakuntza eta ikerketa: ondarearen prestakuntzara eta ikerketara zuzendutako etorkizuneko Zentroa zehazteko proposamenak.

-Ondareak Barne Produktu Gordineko (BPG) ekonomian duen benetako dimentsioa agerian jarriko duen azterketa.

-7/90 Legean kulturarako aurreikusitako %1 ezartzea eta horren kudeaketa garatzea, kultura-ondarea kontserbatu eta aberasteko ekintzetan.

Museoak

Museoen Legea onartu ondoren, Kontseilu Aholkulari bat eratuko da museoen alorreko ekintza-lerroak zehazteko.

2008ko lehen seihilekoan, Kultura Sailak lehentasuna eman dio museoak kudeatzeko sistema informatiko bat antolatzeari. Hainbat museoetako ordezkariek parte hartu dute bildumak dokumentatzeko behar izango diren moduluak zehazteko prozesuan. Horri esker, Inbentario Orokorra eta Katalogo Kolektiboa sortuko dira, eta webgunearen bitartez sartu ahal izango da bertan. Proiektuak erabiltzaileentzako prestakuntza ere hartzen du barnean.

2008ko bigarren seihilekoan, museoen talde pilotu batean hasiko gara programa aplikatzen, eta, poliki-poliki, taldea handitzen joango da.

Artxiboak

Garatzen ari diren hiru ekintza orokor hauek zehaztu ditu talde operatiboak:

 -Artxiboetako langileen etengabeko prestakuntza.
 -Euskadiko Artxiboen Mapa, plangintzarako tresna den aldetik.
 -Dokumentu-ondareari eta artxiboei aplikatutako normalizazioa eta lan-estandarrak.

Lege-aurreproiektuari dagokionez, sektoreak aktiboki parte hartu du hainbat proposamen gauzatzeko.

Bestalde, Kultura Sailak artxiboen dokumentazioan aplikatzeko programa informatiko baten diseinuari ekin dio. Programa horren bidez, euskarri tradizionaleko dokumentuen trataera nahiz dokumentazio digitala kontserbatu eta hedatzeko estrategia jorratuko dira.

Liburutegiak

Liburutegien alorreko lan-taldeak zehaztutako lau ekintzen artetik, hauek nabarmentzen dira: sarea eta Euskal Liburutegi Sistema zehaztu, egituratu eta garatzea; Liburutegi Digitala lortzeko aurrera egitea; Liburutegien Legea bultzatzea eta, ondoren, haren arauak garatzea, eta liburutegi-zerbitzuak etorkinen taldeen behar eta interesetara egokitzeko programa bat diseinatzea, haiek gizarteratzeko xedez.

Liburuzainek eta Immigrazioaren Ikuspegi Behatokiak osatutako talde bat esku-hartzeko programa pilotu bat ari da garatzen, liburutegi-zerbitzuak etorkinen taldeen behar eta interesetara egokitzeko eta etorkinak gizarteratzeko.

Kulturaniztasunaren kontzeptuan oinarritu eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Zerbitzuen Sailarekin batera sustatutako ekimen interesgarri honen ondorioz, liburuak eta aldizkariak inportatu behar dira Euskadiko etorkin-populazioaren jatorrizko herrialdeetatik, arabiar herrialdeetatik eta Errumaniatik, batez ere, bertako etorkinek osatzen baitituzte Euskadiko etorkin-komunitaterik handienak.

Guztira, EAEko 10 liburutegi publikok parte hartuko dute ekimen berri honetan. Horretarako, komunikazio-kanalak sortuko dira eta elkarlanean arituko gara hainbat elkarte, fundazio eta enbaxadarekin.

Ekimena aurrera eramateko, funts bibliografikoak, dokumentalak eta ikusizkoak handitu behar dira aipatutako jatorri eta hizkuntzetako aleekin. Etorkinek liburutegietan zerbitzu publiko interesgarria aurkitzea da ekimenaren azken xedea, bakoitzak bere kulturako literatura- zein informazio-argitalpenak eskura izan ditzan eta, era berean, gainerako gizartearekin loturak sustatzeko.

Donostian, 2008ko ekainaren 9an