Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Kultura07


Liburua korreo postalaren bidez bidaltzea nahi baduzu, egin eskaera gure korreo elektronikoan: kulturabehatokia@ej-gv.es, ez ahaztu zure izen abizenak eta helbidea ematea.

Formatu digitalean: Kultura 07 (pdf, 1.2Mb)

Kulturaren Euskal Behatokia dagoeneko abian da.

Kulturaren Euskal Plana –2004-2015erako euskal kulturaren plan estrategikoa– egiteko prozesuan sortu zen, eta Kulturaren Euskal Kontseilua eta haren Erakunde arteko Batzorde Iraunkorra izan zituen buru. Han, “ EAEko kulturaren egoerari eta eboluzioari buruzko informazio- eta segimendu-sistema bat ezartzeko eta plan estrategiko sektorialak eta egoerari buruzko azterketak egiteko beharra” nabarmendu zen. Hiru foru aldundiek, hiriburuek eta Eudelek elkarlanean burutu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bideratu duen lanari esker amaitu da proiektua aurreikusitako epeetan, eta lehentasuna eta hornidura esanguratsua lortu ditu.

EAEn hasi dugun behatokiaren proiektua gauzatzeko, hausnarketa sakona egin behar izan da, alderdi hauei dagokienez: leku kontzeptuala, funtzioak, haren orientazioa eragile eta gizartearekiko, eta helburuak zehaztea. Edonola ere, berrikuntza, ezagutza sortzea, kalitatea eta erabilgarritasunaren aldeko apustu irmoagoa egin dugu, informazio-kantitatearen aldekoa baino.

Behatokiaren rol orokorra da gizarte, eragile eta administrazioarentzat askotariko alderdiak dituen ispilua izatea, baina baita kanporako ere, bereziki beste zenbait behatokirekin lankidetzan aritzeko. Informazio estatistikoa biltzeko eta sistematizatzeko tresnatzat bakarrik ez, kulturaren azterketa orokorra eta sektorekako ikerketak egiteko tresnatzat ere hartu dugu. Azken alderdi horretan, nabarmentzekoa da euskararen sorkuntzari eta erabilerari buruz egin beharreko segimendua, funtsezko rola baitu euskal kulturan.

Hala ere, guretzat Behatokia ez da gailu tekniko hutsa, kultura-proiektu askoz zabalagoa baizik. Tresna horretan, informazio- sistema eragile aktiboa, parte-hartzailea eta islatzailea da, eta aztertu beharreko errealitatean bertan inplikatuta dago.

Hainbat funtziotan lagunduko du Behatokiak

  • gure kulturaren espezifikotasuna askotariko mundu globalean nabarmentzea eta bere profiletatik abiatuta horretan laguntzea;
  • bere aberastasun, eraikuntza eta etengabeko eguneratzearen aldeko apustua egitea, gure sortzaile, enpresa, eragile eta kultura-maileguen laguntzaz;
  • kultura-hedapena eta -gizarteratzea indartzea, barneko integrazio-prozesuak eta kanpoko elkarrizketak aukera-berdintasunean bultzatuz;
  • informazio kuantitatibo eta kualitatiboaren bidez gizarte-bizitzako kulturaren zentralitatea prestatzea, baita kulturapolitikaren zentralitatea ere, politika publikoetan;
  • parte-hartzea erraztea, bai gauzatzean, bai erabiltzean;
  • eta beste zenbait kultura eta behatokiren sareko elkarrizketetan laguntza ematea.

Funtzio generiko horiek guztiak ez dira gure asmakuntza; nazioarteko erakundeen printzipio berrienen egokitzapenak dira, eta, batez ere, Unescok aniztasuna, identitatea, irismena edota parte-hartzeari buruz eman dituen printzipioenak.
Alabaina, Behatokiaren zeregin espezifikoak dira kultura-alorreko informazioa ordenatzea, baliozkotzea eta sortzea, eta zentzurik zabalenean kulturari lotutako sektoreko eta lurraldeko alderdi orokorrak aztertzea; hain zuzen ere, funtzio hauek ditu:

  • euskal administrazioen arteko informazio-zerbitzu koordinatua ematea;
  • azterketa espezifikoak egiten dituen kabinetearen rola izatea;
  • planaren segimendu- eta ebaluazio-tresna izatea;
  • eta euskal kulturaren egoerari eta aldaketei buruzko eztabaidarako tresna izatea, alderdi guztiei dagokienez.

Ezagutza integrala izateko bokazioa duenez, kulturaren arlo tradizional guztiak barne hartzen ditu Behatokiak: ondarea eta kultura-industrietan haiek dituzten erabilerak, komunikabideak eta adierazpen artistikoak. Taxonomia zorrotza, erabilgarria eta parekagarria sakondu dela esan nahi du horrek. Era berean, ordea, komunikazio globalek sortutako zeharkako adierazpen osagarri eta berriei zabaltzen zaie.

Sorkuntza-iturriez gain, ordea, ekoizteko edo kulturari balioa emateko faseetan gertatzen dena jakin behar da, trebakuntzatik hasi eta azken helmugaraino, eta, nola ez, jarrera eta ohitura kulturalak ezagutu, gizartean duten harrera balioesteko
eta etengabe eta bat-batean gertatzen diren aldaketa sozialak aintzat hartzeko.

Zeharkako arlo gisa, garrantzi berezia ematen diogu euskararen rolari, portaerari eta erabilerari, begien bistako arrazoiak direla eta, hizkuntza propioa delako kultura-ekoizpenean eta -jardueran.

Hausnarketa horiez guztiez baliatuz, ezagutzari eta konparazioari egokitutako oinarrizko adierazleak dituen Kultura Esparru Estatistiko propio baterako bideari ekin diogu, baita hura sortzeko eta hedatzeko bideari ere.
Emaitza gisa, hiru eremu hauek biltzen ditu Programa Estatistikoak:

a) eskaintza produktiboa eta jardueretan parte hartzen duten eragileak; gai batzuetan, urteko segimendua egiteko eta, beste gai batzuetan, berriz, segimendu sekuentzialagoa egiteko;
b) Jarrera, kontsumo, ohitura eta jardueretan eskaera, eta zenbait urtetik behin Kontsumo kulturalaren ohituren eta jarduera kulturalen estatistika egitea;
c) Arlo publiko-instituzional arautzaileak, trebakuntzakoak barne, eta egitura korporatibo pribatuak

Lehen emaitza publikoak agertzen hasi dira Behatokiko lan-ildoen eta horiek martxan jartzearen ondorioz. Hona hemen, adibide gisa, Kultura 07 urteko lehen txostena. Bi funtzio hauek ditu: batetik, azterketa monografikoa egitea, edizio honetan, munduko kultura-behatokiei buruzkoa izango da. Bestetik, testuinguru informatiboa eta Euskal Estatistika Esparrua egiteko prozesua aurkeztea.

Miren Azkarate
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua