Bilboko Arte Eszenikoen Zentroa izango dena 2011tik aurrera jarriko da martxan, eta Bilboko Erakustazoka izandakoan, Ingeniaritza Eskolaren ondoan eta unibertsitate-campus berriaren parean, izango du behin betiko egoitza. Zentroa barne hartuko duen eraikinak 3.180 metro koadro baino gehiago ditu, elkarren ondoan dauden bi gunetan banatuta: bata 1.090 metro koadrokoa eta bestea 2.090 metrokoa. Hamaika metroko altuera izango du, eta hiriko toki estrategiko batean dago kokatuta, trenez, metroz eta autobusez iristeko moduan. Ikasketa-plana oraindik prestatze-fasean badago ere, irakaskuntza arautua eta arautu gabea emateko asmoa dago; hasiera batean, bi espezialitate bakarrik emango dira, arte dramatikoa eta dantza.