1.- Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak 45/2011 dekretuaren 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko lanaren alorrean, beti ere euskararen erabilerari gainbalio positiboa gehituz.
2.- Ildo horretatik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak zeregin hauek burutuko ditu:
a) Euskara normalizatzeko eta bere erabilera sustatzeko jardueren mapa osatzea.
b) Euskararen erabilera bultzatzeko gizarte ekimenak sustatzea eta honetarako egoki diren dirulaguntza eta bestelakoak ezartzea, euskalgintzako programa, komunikabide, eta abarrentzat.
c) Euskal gizartearen alor guztietan, eta bereziki dagozkien plangintzek ezarritako lehentasunetan, euskararen erabilera idatzia eta ahozkoa sustatzea, honetarako behar diren sentsibilizazio kanpaina eta jarduera bultzatzaileak eratu eta garatzea.
d) Maila guztietan eguneratuta edukitzeko euskarak beharrezkoak dituen baliabideak normalizatzea eta kudeatzea, hala nola toponimia, terminologia edo euskararen corpusa.
e) Euskararen erabilera informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan ahalbidetzeko bitartekoak egon daitezen sustatzea: ahotsaren errekonozimendurako programak, itzultzaile automatikoak, eta abar.
f) Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) Kultura Sailari atxikita egoteak Sailari dakarzkion zereginak burutzea.
g) Gazteak euskara erabiltzera bultzatzeko ekimenak eta programak proposatu eta kudeatzea.
h) Euskarak nazioarteko hizkuntza azoka, sare, eta abarretan tokia izan dezan, euskararen lurralde guztietako ordezkariekin elkar hartuta ekimenak burutzea Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.
i) Euskalgintza alorreko erakunde nahiz elkarteekin elkarlanean, euskararen osorako intereseko proiektuak garatzea.
j) Euskararen geografiako beste lurraldeekin euskararen sustapen eta garapenerako lanak garatzeko bideak lantzea.