1.- Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak 45/2011dekretuaren 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeari dagozkion arloetan.
2.- Ildo horretatik, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak zeregin hauek burutuko ditu:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundietako, udaletako eta gainerako entitate publikoetako euskara planen diseinuan eta inplementazioan aholkularitza eta laguntza eskaintzea.
b) Eusko Jaurlaritzaren Euskara Plana garatzeko eta honen koordinazioa eta jarraipena egiteko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea, sail bakoitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioko erakunde bakoitzeko arduradunarekin lankidetzan.
c) Plan horren betetze maila ebaluatzeko eta horren jarraipena egiteko lanak burutzea.
d) Planak berrikusteko irizpideak zehaztea eta ezartzea.
e) Erakundeetan eta gainerako entitate publikoetan euskara planak abian jartzeko beharrezko diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta haien funtzionamendurako proposamenak egitea.
f) Sozietate publikoetako eta zuzenbide pribatuko ente publikoetako euskara planen diseinuan eta inplementazioan aholkularitza eta laguntza eskaintzea.
g) Esleiturik daukan helburu nagusiari begira azpiegiturak bultzatzea eta, hala badagokio, horien arduradunak prestatzea, metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten. Hori guztia beste administrazio-organoen eskumenak urratu gabe.
h) Lehen Hezkuntzari, Bigarren Hezkuntzari eta Goi Mailako ikasketei aitortu beharreko hizkuntza-ezagutzen maila aztertzea, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagiriekin eta Europako Erreferentzi Marko Bateratuarekin parekatzeari begira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dituen eskumenak urratu gabe.
i) Abuztuaren 31ko 128/2007 Dekretuak dioenari jarraiki, arauzkoak diren txostenak ematea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zein eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko.
j) Eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza eskubideak babesteko informazioa eta aholkularitza ematea, eta eragindako erakundeei eskubide horiek bete daitezen laguntza eskaintzea, uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak sortutako Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren bitartez.
k) Euskal herri administrazioetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza eskakizunen eta derrigortasun daten gainean derrigorrezko txostena egitea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 97.5 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.
l) Hizkuntza politikan eskumena duten aginte publikoen arteko lankidetza sustatzea, horien guztien jarduera koordinatua izan dadin. Hori lortzeko, Euskararen Aholku Batzordeak egindako proposamen zehatzetatik abiatuta, erakundeen arteko koordinazio batzordeak eratzeko egin beharrekoak egingo ditu.