Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sabin Uriarterekin elkarrizketa, K2000ko arduraduna

Lehen aldiz, Kulturaren Euskal Behatokiak EAEko kultura-alorreko jarduera ekonomikoei lotutako enpresa eta enpleguei buruzko datu estatistikoak aurkeztu ditu

Ikerlan horren emaitzak kontuan hartuz:

  • Kultura-alorreko enpresak, enpresa guztien % 3,5 dira, eta enpleguan, aldiz, % 1,9 baino ez
  • EAEko kultura-alorreko enpresen ia % 80k 0-2 enplegu baino ez dituzte
  • Sektorean ezegonkortasun handia dago enpleguan, eta behin-behinekotasuna % 95ekoa da. Kultura-jardueretan izandako kontratu-kopurua EAEn izandako kontratu guztien % 6,5 da (enplegua % 1,9 eta enpresak % 3,5 diren bitartean).
  • Gizon gehiago kontratatzen dira (% 54,8) eta batik bat pertsona gazteak (% 66k 34 urte baino gutxiago dituzte). Goi mailako ikasketak dituzten pertsonak dira gehien kontratatzen dituztenak: 30%

 

1. Zer erronka dauka EAEko kultura-sektoreak, enplegua sortzeko tresna gisa?

Enpresa-sektore gisa finkatzea, baina horretarako kultura-eskaera handitzea sustatuko duten jarduera argi eta ausartak planteatu beharko lirateke, kultura-eskaera hori Europar Batasunekoaren aldean apalagoa da eta

2. Zure ustez, zer estrategia bideratu behar dituzte EAEko enpresek euren iraupenari begira, haien tamaina txikia kontuan hartuz?

Gaur egungo krisi ekonomiko egoeran, estrategiak ez dira enpresetara mugatu behar eta aldiz, erakunde publikoek ere parte hartu behar dute, diru-murrizketak egin behar dituzten aldioro beti kulturatik murrizten hasten baitira, ez baitute lehentasunezko gaitzat hartzen, eta gastatu beharra dutenean baliabide gehiegi bideratzen dituzte gastu ez-produktiboetara: prentsaurrekoak, aurkezpen jendetsuak, jardunaldiak, dosierrak, …

3. Nola baloratzen dituzu kulturaren sektoreak ekintzaile berriei eskaintzen dizkien aukerak?

Aurkeztutako datuak ikusirik, aukera gutxi eskaintzen dizkiela uste dut, ia beti behin-behinekotasunean eta sarritan erakunde publikoekiko mendekotasun handiegiarekin.