Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorputza Proiektua. Elkarrizketa Jon Prieto Estalari, Noventa Grados-eko Komunikazio Arduraduna

Noventa GradosIragan apirilean abiarazi zenuten Gorputza proiektua, arrakasta handiz, gainera. Zeinek bultzatu du ekimen hau?

Bi erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da Gorputza proiektua: liquidDocs eta Noventa Grados.

Gorputzari, denborari eta espazioari dagozkien jakintza-alor ugaritako jarduerei buruzko ikerketa- eta sormen-estudioa da liquidDocs, eta sormen garaikidea eta adierazpen artistiko berrienen diseinu- eta ekoizpen-prozesuen aurkezpena ditu helburu.

Noventa Grados, berriz, oso ezaguna da Donostian. 2005ean hasi zen lanean; lau urte daramatza, beraz, hirian eta aldirietan jarduera kulturala sustatzen, ekimen berriak eta adierazteko edo kontatzeko zerbait duten korronte artistikoak bultzatzen. Ile-apaindegiak, poltsa-, bitxi-, kosmetiko- eta liburu-saltokiak, bideo-proiektzioak, instalazioak eta abar ditu leku honek. Baina Noventa Grados ez da arropa, osagarriak, musika edo liburuak saltzen dituen eta arte-erakusketak egiten diren ile-apaindegi bat, edo ez da hori bakarrik: alor askotako gune bat da, eta sormenaren berrikuntza bilatzea du helburu.

Zer da Gorputza Proiektua?

Hamabi hilabete iraungo duen proiektu honetan, zenbait jardueraren kokaleku izango da Noventa Grados. Tarte horretan, 10 ekitaldi eta 10 erakusketa egingo dira, guztiak ere arte, adierazpen edo sentimenduarekin lotuak: argazkigintza, animazioa, dantza, moda, irudigintza, poesia, performancea, bideo-sorkuntza, instalazioa, grafikoak, soinua... Noventa Gradosera inguratzen den oro arte-alor horietara hurbiltzen saiatuko da Gorputza. Jarduera horiez gain, aurkezpenak, antzerki-inprobisazioak eta kontzertu txikiak ere izango dira.

Donostiako eta inguruko zenbait artistaren lanak izango dira ikusgai hasieran, kanpotik ere jendea ekartzekotan badira ere, kutsu nazioartekoagoa eman eta LiquidDocs-en funtsa Euskal Herrira ekartzeko asmoz.

Hauek dira Gorputza proiektuaren babesleak: Le Coq Sportif; Patio Espacio de Comunicación, irudiaren eta ikusizkoen ekoizpenaren alorrean; Korova, musika- eta multimedia-gaietan; Noticias de Gipuzkoa (proiektuaren prentsako komunikabide ofiziala) eta Aux Magazine (media partner nagusia).

Zer jarduera egin dira orain artean, eta zer egiteko asmoa duzue epe laburrera?

Zenbait ekitaldi egingo dira Gorputzaren inauguraziotik amaierara arte, artista bakoitzaren edukiak oinarri direla erakusketak egiteko. Book magazine internacional liquidDocs_00-ren prozesu grafiko eta editorialarekin estreinatu zen proiektua: Sònia Gómezekin (maiatzera arte aritu da). Ekainean, berriz, Une Étrange Affaire erakusketa egon da ikusgai. Baionako Thierry Saldou eta Laurent Hiriartek osatzen duten Middle Classe arte-kolektiboak prestatu du erakusketa. Elkarlanean aritzen dira bi artista horiek, eta alor ugaritan jarduten dira: irudigintza, bideo-artea, graffitia, argazkigintza eta 3D animazioa. Uztailean, DispositivoMóvil3NG instalazioa —liquidDocs-ek Noventa Grados-erako sortua— aurkeztu dute. Egitura-edukiontzia-altzaria da instalazioa, iragankorra, denbora, gorputz eta espazio birtualarekin estu lotua.

Hona hemen hemendik aurrera egitekoak diren ekitaldiak:

  • Irailaren 17an: Itxaso Díaz bilbotarra komisario dela,  Sinpatrón, Ätakontu, Higinia Garay eta malomuymalo-ren erakusketa (Miedo y Moda).
  • Urriaren 2an: Ainize Txopitea diseinatzaile grafiko eta ikusizko poetak bere collage-eak erakutsiko dizkigu: ikusizko arteen, teknologia berrien eta hizkuntzaren nahasketa.
  • Azaroaren 26an: Jon Cazenave artista donostiar sarituak bere zuri-beltzezko argazkiak erakutsiko dizkigu.
  • 2010eko urtarrilaren 14an: Igor Alustiza moda-diseinatzaile donostiarraren lanen erakusketa.
  • 2010eko otsailaren 25ean: Fernando Gutiérrez asturiarrak Gorputzaz duen ikuspegia azalduko du, espazioan halako esku-hartze grafiko bat eginez.
  • 2010eko apirilaren 2an: Dokumentuak, memoria eta gorputz-arrastoak zuzenean, berezko egoeran bilatzeko CP1Gorputza09 nazioarteko deialdi publikoa. Horren emaitza izango da proiektuaren amaierako erakusketa.

Azkenik, sortzen diren edukiak liquidDocs-eko book-magazineetara eramango dira. Gorputza proiektuak irauten duen bitartean aurkezten diren lanik onenekin, berriz, DVD bat argitaratuko da, liquidDocs-en argitalpen-sailean.

http://www.noventa-grados.com/