Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkarrizketa Jose Mari Armentiari, Alfa Arteko Zuzendaria

Nola bururatu zitzaizuen “eskultura ekoizteko lantegi espezializatu bat” sortzeko ideia?

Alfa Arte

Alfa Arte 1992. urtean sortu zen, talde berri batek Alfa Taldearen jabetzaren parte bat bereganatu zuenean, krisialdi ekonomikoan geundela. Enpresari talde honek taldearen ezagutzaren, produktuen eta merkatuen gaineko azterketa sakona burutu zuen, eta metalaren eta galdaketa prozesuaren gaineko jakituria handia zegoela ondorioztatu zuen. Bestalde, enpresari hauek bazekiten Azkoitiko galdategi txiki batek Euskal  Herriko eskultore nagusientzat —hala nola Oteiza edo Basterretxea— egiten zuela lan, bakarka. Horrela, bada, taldea egoera zail batetik ateratzeko xedez,  aipatu enpresariek erabaki zuten, besteak beste, galdategi txikia Alfa Taldean sartzea. Horrela, negozio-ildo berri bat ireki eta norabide berria hartu zuen Alfaren jarduerak, ordura arte gutxi arakatutako merkatu-hobi baterantz.

Lehen fasean, apainketa-opariaren eta enpresako opariaren merkatuari zuzendutako brontzezko piezak landu zituen Alfa Artek nagusiki. Opariaren merkatuari dagokionez, geroz eta gutxiago ematen da errotazioa, usadioa eta erosketaren joera garatu egin direlako:  egun ez da hain interesgarria katalogoko pieza bat erostea; bezeroak neurrira egindako oparia du nahiago. Hala ere, horrek ez du esan nahi noizbait, eta artistekin ematen den harremanari esker, ezin daitezkeenik zenbait produktu editatu eta seriatu.

2000. urteaz geroztik,  inbertsio berriak egin dira, eta apustu argia egin da eskultura publikoaren merkatura iristeko eta dimentsio handietako proiektu konplexuetan lan egiteko, estandarizatutako proiektuak edo tamaina ertainekoak egiteko ez baita beharrezkoa hain ezagutza espezifikoa edota instalazio konkretu batzuk izatea; gainera, merkatu hauetan handiagoa da lehia.

2004. urtean  inflexio-puntua  gertatu zen, eskanerra heldu zenean; horri esker, digitalizazioaren prozesuaren bidez, handitu edo txikitu egin daitezke bolumenak.

Azkenik, 2007. urtean erabaki estrategiko bat hartu zen: zerbitzu-enpresa gisa jardutea, produktuen ekoizpenetik haratago.

“Industria artearen eta artisten zerbitzura jartzea”. Nola definitzen duzue industriaren eta artearen arteko harreman hau?

Alfa Arteren iritziz, honetan datza harremana: teknika eta teknologia industrialari balioa eman, eta artisten edo ondare‑kudeatzaileen zerbitzura jartzen da, horiei bururatzen zaien edozein kontzeptu edo ideia landu ahal izateko. Produktuaz haratago, zera eskaintzen dugu, lantzeko gaitasuna: diseinua , fabrikazioa, instalazioa, eta, zenbaitetan, bitartekaritza-lanak ere bai.

Alfa Artek artearen eta industriaren arteko zubi-lana egin nahi du, baina horretarako bi esparruak ezagutzea ezinbestekoa da;  horregatik, bi arloetara lotutako pertsonek osatzen dute gure lantaldea: arte ederretako lizentziatuak, metalgintzako profesionalak.... Ez gara, ordea, bi arloen arteko bitartekari hutsak; artearen lengoaia ezagutzeaz gain, “lantegian eskuak zikintzeak” sinesgarritasuna ematen digu. Industrian gertatzen ari diren eraldaketetan behatoki gisa jardutea aintzat hartzen dute artistek, baita gure eskutik material eta prozesu berriekin esperimentatu ahal izatea ere. Zenbaitetan, aldiz, oso lan zehatzak eskatzen dizkigute artistek, eta beste proiektu batzuetarako, berriz, beste lantegi batzuk erabiltzen dituzte.

Erreferente bihurtu nahi dugu artistentzat, eta arteari aplikatutako industria esparruko jakituriaren iturburu gisa har gaitzaten. Sektorearen ikuspegi globala izatea eskatzen digu honek, egunez egunekotik haratago.

Zer nolako harremana sortzen da artista-bezeroen eta Alfa Arteko lantaldearen artean?

Funtsezkotzat jotzen dugu aldez aurretik artistarekin elkarrizketa izatea. Izan ere, gure esperientzia, teknikak eta teknologia bere zerbitzura jartzea  eta bere proiektuaren ezaugarrietara egokitzea da gure lana, eta hori ezinezkoa litzateke artistak lortu nahi duena ezagutu eta ulertu gabe. Horrela, bada, oso estua izan behar du artistarekin sortzen den harremana, finean, bere obraren ekoizpen‑prozesuaren partaide baikara .

“Erreferente bat izan nahi dugu Europan”. Antzeko esperientziarik ezagutzen duzue?, zer iruditzen zaizkizue?

Euskal Herrian bertan badira beste galdategi batzuk, baina ez dute Alfa Artek dituen instalakuntzen modukorik; hauei esker, neurri handietako osagaiekin jardun dezakegu. Estatuan ere izan badira batez ere metalezko eskulturak lantzen dituzten lantegi txiki eta ertainak, baina Alfa Arteren ildoan kokatzen diren enpresak ere aurkitzen ditugu, hala nola, CAPA eta MAGISA, zeintzuk estatu mailako proiektu handietan parte hartu duten.

Gure egungo erronka estatuko merkatuarekin dugun harremanean sakontzen jarraitzea den arren, nazioarteko merkatuan sartzea interesatzen zaigu nagusiki.Miquel Barceló edo nazioarteko ospea duten beste artista batzuekin ditugun harremanak oso interesgarriak dira, gure filosofia eta lan-dinamika balioesten direlako haiei esker. Hasiak gara jada enkarguak jasotzen Frantziatik, hurbiltasuna dela medio. Halaber, jauzi handiagoa eman nahi dugu eta Europa mailan kokatu gura dugu gure industria, industriaren ikuspegitik horretarako ahalmena dugula uste baitugu: Europan erreferente izateko bitartekoak, gaitasunak eta aukerak izan baditugu. Frantzia edo Italiaren mailan egoteko, ordea, izaera artistiko handiagoa erdiestea falta zaigu.

Besteek eskaintzen ez duten zer eskaintzen duzue?

Alfa Arteko langileen ezagutza eta esperientziaz gain, teknologia-baliabide aurreratuak ditugu, eta proiektu konplexuei ekiteko moduko instalakuntzak, baina lortu dugun espezializazio‑mailan datza gure erakargarritasun nagusia, artean dihardugun industria bat baikara, eta ondareari lotutako proiektu artistikoak bakarrik egiten baititugu.

Eskaintzen dugun beste balio erantsi bat Alfa Taldeko kide izatea da; horri esker, taldearen gainontzeko industria-enpresen beste teknika, material eta lan-prozesuak eskuragarri ditugu.

Eskultura publikoa. Norentzat egiten duzue lan, nondik datoz enkarguak, zein norabidetan garatuko da Alfa Arteren jarduera?

Eskultura txikia eta ertaina ekoizten jarraitzen dugu, eta oraindik orain opariaren merkatua ez dugu laga (oso produktu konkretuak lantzen dira, hala nola oroitzapenak, logotipoak, oroigarriak etab.); hala ere, gaur egun Alfa Artek gune publikoan egindako eskulturaren aldeko apustua egin du argi eta garbi, eta, beraz, merkatuan artisten zerbitzurako tamaina handiko proiektu eskultorikoak ekoitziko dituen lantegi gisa kokatzea da gure erronka. Halaber, brontzearen galdaketaren zerbitzua emateari utzi gabe, beste prozesu, beste material batzuetara hedatu nahi dugu gure jarduera; objektua eta bolumena landu nahi duten artistekin izan dezakegun edozein elkarrizketa interesatzen zaigu.

Merkatuei dagokienez, lantzen aritu garen lanen erreferentziek erakusten duten modura, Euskal Herrian jardun dugu, baina azken urteotan hedatu egin dugu gure merkatua, erakundeen eskutik  artistekin baino gehiago, hedatu ere. Egia da artistak lantegien hurbiltasuna eta bere jarduera garatzeko beharrezkoak dituen bitartekariak baloratzen dituztela, baina erakundeek egindako enkarguen bidez, (herrietako pertsonaia ospetsuen eskulturak lantzeko eskatu ohi dute), estatuko beste erakunde batzuekin harremanetan jarri gara, era honetako eskulturak ekoizteko; horrela, beste toki batzuetako artista batzuk ezagutu ditugu, eta zenbait proiektu gauzatu. Hala eta guztiz ere, Euskal Herria dugu oraindik orain merkatu nagusia.

Halaber, digitalizazioak jauzi handia eragin du nazio eta nazioarteko merkaturatze-prozesuan, berari esker artistekin urrunetik lan egin dezakegulako: nahi duten neurriko eskulturaren maketa bidaltzea besterik ez dute, eta, digitalizazioaren bitartez, erreprodukzioa aterako diogu, edozein eskalatan, igeltsu-hautsezko inprimagailuan edota porexpanean egindako mekanizatuaren bidez; ondoren, artista gure tailerrera etorriko da irudia berak nahi bezala moldeatzeko, eta, hemendik aurrera galdaketari ekingo diogu. Miquel Barcelóren elefanteen eskulturarako lan-prozesu horixe erabili dugu, hain zuzen, nahiz eta kasu honetan eta osagaiak zituen neurriak kontuan izanda porexpana mekanizatu dugun, igeltsuaren hautsak erabili beharrean: irudiaren agiri informatiko bat sortu ondoren, zenbakizko kontrol-makina batera eraman da, eta fresa baten bidez porexpana ebaki, irudia tamaina errealean landu arte; orduan, artistak bere nahierara  taxutu du osagaia, eta, amaitu ondoren, piezaren galdaketa-prozesua burutu da. Azken finean, teknika digitalari esker, artistaren eta lantegiaren arteko distantzia ez da oztopo.

Labur esanda, industriak, arteak eta ondareak osatzen duten triangeluan zentratu nahi dugu, eta hiru ardatzok mugatzen duten eremuan lan egin. Honez gain, arkitekturaren esparruan barneratzea interesatzen zaigu; orain arte ezin izan gara posizionatu, arkitektura-estudioen bitartez zeharka zenbait gauza egin ditugun arren.

Lantaldearen profila: artea eta teknika uztartzea.

Alfa Arteko lantaldea diziplina askotarikoa dugu, 25 bat lagunek osatzen dute eta horien batez besteko adina 45 urte dira. Batzuk Alfa taldeko kide ziren Alfa Arte sortu zen unean, eta eskarmentu handia dute industriaren alorrean. Beste batzuk urte hauetan sartu dira eta profil artistikoagoa erantsi diote, ekarpen gisa. Hazkunde-dinamika batean sartzen bagara, taldea handitzea aurreikusi dugu eta Alfa Arteko langilearen profila gehixeago zehaztuko dugu: balio anitzeko profila, egunero proiektu berriei aurre egiteko gaitasunarekin.

“Bokazio estrategikoa: azken teknologiek artean izan duten ezarpena aztertu eta egiaztatu”. Nola ulertzen duzue berrikuntza zuen proiektuaren testuinguruan?

Arestian azaldu dugunez, funtsezkotzat jotzen dugu teknologia berriak gure lan-prozesuan txertatzea. Bestalde, Alfa Taldean  I+G+b unitatea dugu. Hor, artistek egiten dizkiguten prozesu eta material berrien gaineko kontsulta guztiak aztertzen eta erantzuten saiatzen gara. Gakoa zera da: kontsulta bakoitzak input bat sortzen du, I+G+b prozesu bat abian jartzeko. Hori abiapuntutzat hartuta, proposatzen diguten elementua fabrikatzeko ezagutza berriak erabili behar ditugun, jada menperatzen ditugun tekniketan tratamendu ezberdina behar duten ala ez, ordura arte batera erabili ez ditugun teknika ezberdinak uztartu behar ditugun… aztertuko dugu.  Horrek guztiak nolabaiteko berrikuntza-dinamika bat eragiten du.

Arteari lotutako zein negozio-arlo berri irekitzen dizkizue berrikuntzak?

Digitalizazioak beste mundu bat erakutsi zigun. Hasiera batean, era honetako teknologian egindako inbertsioa modelatu fisikora bideratu zen, baina konturatu ginen ia edozer gauza digitalizatu —eta, ondoren, erreproduzitu— daitekeela. Horrela bada, ondarearen esparruarekin harremanetan hasi ginen: hezur, garezur eta eszenografia osagarrien erreprodukzioa etab. Teknika horren bidez, beste egitura-mota batzuk eta beste material batzuetan erreproduzitu daitezke, erretxinak esaterako. Teknologia honi esker denbora errekor batean burutu dugu Ekaineko haitzuloetako erreplikaren, Ekain Berriren, eszenografia osagarriaren proiektu osoa, muntaia eta instalakuntza barne.

http://www.alfaarte.com/cast/index_eus.php