Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amarica proiektuaren ordezkariekin elkarrizketa

AmaricaAtariko balantze laburra: izan duen ibilbide motzean, zer balorazio egiten du Amarika Batzarrak Amarika Proiektuak orain arte egindako ibilbideari buruz?

Lehenik eta behin, argi utzi behar da Amarika Kontseilu gisa soilik hitz egin dezakegula guk, eta batzarraren iritzia jakiteko beste bide batzuk jarraitu behar direla. Alabaina, kontseiluaren —batzarrak aukeratu zuen, eta urte-erdi pasatxo darama lanean— balorazioa egin nahi bada, saia gaitezke ibilbidea baloratzen, nahiz eta orain arte egindakoa oso berria izan oraindik.

Une honetan egin dezakegun balorazioa oso positiboa da. Proiektua, batzarrean sortua eta kudeatua, ongi dabil. Bai Foru Aldundiak, bai artista-komunitateak hartutako konpromisoak mantendu dira, eta emaitzak ikusten ari gara. Foru Aldundiaren konpromisoa nabarmendu behar da batez ere. Bere garaian, proposamen batzuk eskatu zituen, artista-komunitateak erantzun egin zion, eta orain proiektua aurkeztu zen moduan hezurmamitzeko eman beharreko pausoak ematen ari dira.

Jakitun gara abagune historiko baten aurrean gaudela; ez hiriko sortzaile-komunitatearentzat soilik, bai eta hiriarentzat ere. Amarika Proiektua bideragarria eta jasangarria dela erakusten ari baita; bestalde, aldi berean, oso une berezia bizi dugu hirian, askotariko “eragileak” lan bateratua egiten ari baitira.

Oztopoak eta ezustekoak ere baditugu, noski, eta, horren ondorioz, hasieran uste genuena baino zailagoa egiten ari zaigu lana. Horrenbestez, arazo horiek guztiak konpontzea eginkizun bat gehiago bilakatu zaigu. Bitxia da Foru Aldundiko Kultura Sailak ahalbidetzea hau guztia, eta, era berean, instituzioak berak eta haren egiturak trabak jartzea. Argi dago abentura hau ez dela abian jarri duten erantzule politikoen edo enkargua onartu eta erantzukizuna bere gain hartu duten artisten erronka soilik. Instituzioarentzat eta haren makinariarentzat ere erronka konplexua da, kudeatzeko, kasu honetan kultura kudeatzeko, modu ezberdinetara egokitzea eskatzen baitu.

Erakustokietako programazioa diseinatu eta eratzeko ezarritako funtzionamendu-neurrien balorazioa. “Amarika urtekaria”, “Proiektuen postontzia”, beste instituzioekin eta kanpoko komisarioekin hitzarmen edo lankidetza bidez lortutako proiektuak. Nolakoa ari da izaten kultura-eragileen partaidetza (artistak, instituzioak, komisarioak…)?

Berriro esan beharra dago agian goizegi dela balorazio-mota hori egiteko. Hala eta guztiz ere, esan dezakegu programazioa elikatzeko eta beste ekimen batzuekin kolaboratzeko bideak, berriak izan arren, eraginkorrak izaten ari direla, eta emaitza ona izan dela; adibidez, Proiektuen postontziaren bidez, jada 8 proiekturekin lankidetzak jarri dira martxan.

Beste bide batzuen bidez, bost erakusketa egin dira. Horietatik bi oraintxe bertan ikus daitezke; gainerakoak datozen hilabeteetan ikusi ahal izango dira. Maiatzean “Irudiaren tailerra” egin zen, korporazioaren irudia, proiektuaren komunikazioa eta abar taldean eztabaidatu eta pentsatzeko. Komisario-proiektu gonbidatua prestatzen ari gara, Maria Ptqk-ren parte-hartzearekin, baita beste erakusketa batzuk ere 2009ko udazken-negurako. 2010erako ere baditugu proposamen batzuk.

Hiriko beste eragileekiko harremanei dagokienez, baikorrak izateko arrazoiak ditugu. Lurralde historikoko artxibategiko eta Kultur etxeko bi areto erabiltzen ditugu. Oso harreman ona dugu haien zuzendariekin, eta lankidetza emankorra izaten ari da. Bestalde, bereziki aberasgarria izaten ari da Artium museoarekin dugun harremana; izan ere, gure euskarrietako bat bihurtu da, materiala, obrak, lankidetza eta abar eskaintzen baitigu zenbait erakusketa ekoizteko orduan. Montehermoso kultura-zentroarekin, Krea ekimenarekin eta Trayecto aretoarekin ere izan ditugu elkarrizketak, baina oraindik ez dugu haiekin batera lanik egin. Beste maila batean, hainbat ekimen independenterekin ere ari gara elkarlanean, hala nola Sleepwalk Collective, Viphoto, Periscopio eta abarrekin.

Publikoaren erantzunaren balorazioa Arabako Foru Aldundiaren esku dauden erakustokien kudeaketa parte-hartzaile eta partekatuari buruz (Amarica Aretoa, Artxibategi Probintziala eta Ignacio Aldecoa Kultur Etxea) eta haien programazioari buruz (Jesús Micók emandako Viphoto argazkigintza-tailerra, “Hartos de Arte” umorezko komikiaren erakusketa, “Sleepwalk Collective”-ren performance gaua.

Hasieratik pentsatu izan dugu kuantitatiboki neurtutako audientziak ez duela zertan izan faktore erabakigarria proiektua baloratzeko orduan. Hala eta guztiz, egia da publikoaren erantzuna ona izaten ari dela. “Inmersiones” edo “Scratxe Gaua” gisako jardueretan Amarika aretoa gainezka egon da. Orain arte egin diren bi inaugurazioetara jende dezente hurbildu da.

Lankidetza-kudeaketari dagokionez, zaila da erantzutea. Igarri duguna da jakin-nahi handia dagoela gauzak nola irtengo diren ikusteko. Batzuetan sinesgogortasun pixka bat ere bai, formularen arriskua ikusita. Horretarako bai beharko dugula denbora gehiago. Baina gauzek diruditen modura jarraitzen badute, proiektuaren inguruan sortzen ari den jarduerak proposamena bideragarria eta beharrezkoa dela erakutsiko dio jendeari.

Orain dela gutxi egin dira Korporazio Identitatearen topaketak eta aurkeztu dira Irudiaren Tailerraren emaitzak batzarrean (maiatzaren 13a): Zein izan da emaitza?

Oraingoan ere, partaideak bikain inplikatu dira. Hiru egunez eztabaidagai izan ziren proiektuaren irudia, Amarika marka gisa sortzea eta komunikazioa. Proposamen grafikoak eta guzti egin ziren. Bestetik, gurea bezalako ekimenaren berritasuna nabarmendu behar da. Ekimenean logotipoak eta irudiak ez dira ohiko modura egiten, enkarguz edo lehiaketa bidez. Proiektuaren beste pieza bat balitz bezala hartzen dira, eta lankidetza, partaidetza eta proiektu ireki gisako ideietan oinarrituta tratatzen dira.

Emaitza, lehen aipatu den bezala, proposamen grafiko bat izan da. Horretaz gain, iradokizun gehiago egin dira proiektuaren komunikazioari eta abarri buruz. Aurrerantzean, Tailerrean proposatu zen moduan, “bereziki diseinu grafikoaren alorrean prestatutako” partaideek orain arte egin den lana garatu eta zehaztu beharko dute, talde-lanarekin jarraituz.

Zer harreman duzue kultura-arloko gainerako instituzioekin (Montehermoso, Artium, Krea, hiriko galeriak edo beste sortzaile batzuen galeriak)?

Horietako askorekin izan ditugu elkarrizketak dagoeneko, eta lehen aipatu dugun bezala, Artium-ekin dugu harremanik handiena. Erakusketen ekoizpenean eta beste gai logistiko batzuetan asko laguntzen ari zaizkigulako, besterik gabe. Gainerako instituzioekin denbora gehiago behar dugu, programazio-dinamikek beste erritmo bat eskatzen baitute. Nolanahi ere, Amarika Proiektutik behin eta berriro adierazi dugu gure testuinguruko gainerako eragileekin lan egitea nahi eta behar dugula.

Zalantzarik gabe, artista-komunitatearekin dugu harremanik atseginena, interesgarriena eta aberatsena. Harremana zuzenagoa izaten ari da proiektuaren osagaien bidez: batzarra, erakusketak, Proiektuen postontzia eta abar. Hala eta guztiz, esan beharra dugu artista-komunitatearekin dugun harreman hori gainerakoekin duguna bezain naturala dela. Arrazoi ezberdinak tarteko, oraindik gugana hurbildu ez den jende ugari dago, eta haiengana iristea da gure asmoa.  Baina baikorrak gara, eta uste dugu komunitateak ulertuko duela, proiektu hau talde-lanean eta lankidetzan oinarritzen dela, eta irekia dagoela gure probintzian arte garaikiderako baliabide publikoaren zati baten kudeaketan parte hartu nahi duenarentzat, inplikazio-gradu ezberdinekin, noski.

Webgunea: http://www.amarika.org/
Helbide elektronikoa: info@amarika.org