Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkarrizketa: Haritz Solupe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturaren Sustapen eta Hedapenerako Zuzendari Nagusia

PanchoaDakizunez, Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko estatistika 2007-2008 izeneko eragiketa estatistikoaren emaitzak berriki aurkeztu dira. Zein da, Gipuzkoari dagokionez, emaitza hauei buruz egiten duzuen balorazio orokorra?

Lehenik eta behin, azpimarratuko nuke jarduera kulturalaren balorazio kuantitatiboa dakarkigula Behatokiaren lan honek, hots, hobeak izatea nahi genukeen datu batzuei buruzko ikuspegi hotza. Baina beste ingurune eta herrialde batzuetakoekin alderatuta, are balio handiagoa hartzen dute estatistika hauek. Hori dela eta, positiboa iruditzen zait Espainia eta Europako Erkidegoarekiko alderaketa. Azpimarragarria iruditzen zait Euskal Herriko biztanleak Espainiako batezbestekoaren gainetik egotea kultura-kontsumoren ia alor guztietan, eta Europako batezbestekoaren gainetik liburu-irakurketan, musika-kontzertuetara eta zinemara joateko maiztasunean, egunkari-irakurketan eta museo eta arte-galerietara joateko zaletasunean. Aitzitik, kezkagarria iruditzen zait antzerkira eta liburutegietara joateko zaletasun eskasa, Europako Batasunekoarekin alderatuta. Aipatzekoa da, halaber, liburuak irakurtzea eta musika entzutea direla maizen egiten ditugun jarduera kulturalak, biak ere banaka egin beharrekoak. Aldiz, nahiko atzerago gaude jarduera sozialagoetan; adibidez, ikuskizunetara joateko zaletasunean.

Nolakoa da Gipuzkoako biztanleriaren dinamikotasuna Euskal Herri osoarekiko, hau da, zeintzuk dira kultura-praktika nabarienak eta zeintzuk hain ohikoak ez direnak?

Gipuzkoari dagokionez, alde handiarekin nabarmentzen da, EAEko beste bi herrialdeekin alderatuta, egunkari eta aldizkari gehien irakurtzen den probintzia gisara. Musika erosteko eta musika-kontzertuetara joateko ohituretan ere ongi gabiltza, batezbestekoaren gainetik. Aipatzekoa da Gipuzkoako euskaldun-portzentajea beste herrialdeetakoa handiagoa izateak igoarazten dituela musika-kontsumoaren indizeak. Dantza-ikuskizunetara eta bertso-saioetara joateko ohiturari dagokionez ere EAE aurrenekoak gara, baina ez gaitezen engaina; izan ere, zenbaki absolutuak begiratuz gero, bai aipatutako jarduerei bai beste ikuskizun batzuetara —arte eszenikoetara (antzerkia, lirika), arte-galeria/erakusketara, museoetara, eta maila apalagoan, liburutegietara— joateko maiztasunari dagozkien portzentajeak nahiko eskasak baitira.

Jakina, kontsumitzaile gutxien duten alorrek eragiten digute kezkarik handiena. Hortaz, antzerki eta dantza-ikuskizunetara, bertso-saioetara, arte-erakusketetara, museo eta liburutegietara joaten direnen portzentajea igotzea da gure eginkizuna, betiere alde batera utzi gabe hobeto gabiltzan gainerako alorrak (musika eta irakurketa, besteak beste). Pentsatu beharra daukagu zein den arte-ikuskizunak jende gehiagorengana helarazteko modurik egokiena. Nire ustez, ezinbestekoa da alor horietako eskaintza aztertzea eta sailkatzea.

Zeintzuk izan litezke tokiko politika kulturalen etorkizuneko erronkak?

Aldian behin estatistikak egitea lagungarri izango zaigu, aurrerantzean, herritarren ohitura kulturalen bilakaera aztertzeko; lanerako tresna oso garrantzitsua izango dira. Baina zailena egitea falta zaigu: estatistikak hobetzea, alegia. Horretarako, arte-eremu bakoitzeko eragileen laguntza behar dugu, baita kultura-gaiez arduratzen diren administrazioena ere: udalak, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritza. Azken urteotan, Kulturaren Euskal Planaren bidez ari da egiten lan hori. Azkenik, zeregin handia dute horretan komunikabideek, telebistak batez ere, estatistika hauek diotenez telebista ikustea baita jarduera “kultural” nagusia, gure ohituretan izugarrizko eragina duena.