Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elkarrizketa Pedro Ruiz Aldasororekin, Creativity Zentrumeko Zuzendari Gerentea

Creativity ZentrumAtariko balantze txiki bat egiteko, bi urteko ibilbide honetan, zer balorazio egiten du Creativity Zentrumek orain arte egindako bideaz?

Oro har, balorazioa oso positiboa da: gure proiektua ongi garatzen ari da, beharbada nahi genukeen baino mantsoago, baina planteatu ditugun helburuak betetzen ari dira, eta hori da garrantzitsuena.

2007an eta 2008an nazioarteko lankidetza-sareak sortu eta sendotu dira, eta, hori dela-eta, 2009an, Industria Sortzaileen Nazioarteko I. Foroa, esparru guztietan sormena bultzatzeko elkargunea, egin da.

Zein izan dira Industria Sortzaileen Nazioarteko I. Foroaren emaitzak?

Egia esateko, Foroak izan duen erantzunak harritu eta gainditu egin gaitu: batetik, etorri den jende-kopuruagatik, jendetsua, heterogeneoa, parte-hartzailea eta konprometitua izan baita; bestetik, bide eman duelako lan-sare oso produktiboak sortzeko. Nazioarteko esperientziak partekatzeko aukera horri esker jabetu gara sormenaren alorrean jardun beharraz, eta Creativity Zentrumek (CZ) abantailak ditu desafio horri ekiteko: teoria menderatzen dugu, nazioarteko gure bazkideak onenak dira, eta esaten dugunak funtsa baduela baieztatzen dute egiten ari garen urratsek.

Horregatik, erronkari ekiteko, sormenarekin lotutako sektoreetako (moda, diseinua, publizitatea, arkitektura...) ordezkariekin “Great Jobs” edo topaketa sortzaileak egiten hasi gara.  20-22 partaidez osatutako taldeetan, NBEk erabiltzen dituen galdetegien antzeko egiturako inkesta bat prestatu dute, lau bat ordukoa, sektore horien egungo egoera gertu-gertutik ezagutzea eta beren jarduerak sostengatzeko eta garatzen hasteko behar diren osagaiak zehaztea helburu dutela. Bilera horietan erabili duten metodologia oso emankorra izan da, lantzen ari zen gaiaren ikuspegi osoa izaten eta proiektua berea bezala hartzen lagundu dielako kolaboratzaile guztiei; aske hitz egiteko eta iritzi guztiak baliozkotzat hartzeko dinamika sortu da, asmoa ez baitzen eztabaida sortzea, sormenari eta sormenaren arazoei buruzko pertzepzioak, aburuak, kontzeptualizazioak eta abar biltzea baizik. Prozesuaren amaieran 100 lagun inguruk hartu dute parte taldeetan, eta oso ideia interesgarriak sortu dira. Emaitzak argitaratu dira eta (web lotura)n dituzue ikusgai.

Zuen filosofiak hiru ardatz nagusi ditu: prestakuntza ematea, enpresa sortzaileak eratzen laguntzea, eta industria sortzaileek ekoitzitako produktuak erakustea eta saltzea. Zuen jarduerari prestakuntzaren eremutik eman zenioten hasiera: zein izan da jendearen erantzuna eskaintzen duzuen prestakuntzari dagokionez?

Hain zuzen ere, sormenaren alorrean dagoen prestakuntzari buruz galdera egin genion jendeari topaketetan, eta % 98k oso eskasa dela irizten zion. Alor horretan lan egin nahi duenak ez du prestakuntza egokirik aurkitzen, ez Bilbon, ez Bizkaian, ezta Euskadin ere, eta estatu espainiarrean ere urria da oso; beraz, atzerrira jo behar da. Horra hor zergatik den atzerriko prestakuntza hona ekartzea CZ-ren eginkizun nagusietako bat: kalitatezko prestakuntza jasotzeko zailtasuna sormenaren industrien garapena galarazten ari da.

Horrexegatik, prestigio handiko prestakuntza-erakunde atzerritarrekin —esate baterako, New York Film Academy edo London College of Fashion— elkarlanean aritzeko loturak finkatzen ari da CZ. Zentro daniar batekin ere ari gara hitz egiten, hemen ekintzaile-eskola bat sortzeko. Halaber, bideojokoen alorreko prestakuntza-zentro batekin harremanetan jarri dugu Bilboko Merkataritza Ganbera.

Sormenaren industriekin lotutako enpresen sorrerari dagokionez, zelan joan da (Pertsona) Ekintzaileentzako Plataformaren bidez egin den “Etorkizuna sortzen gaur” ideia- eta proiektu-lehiaketa?

Sormen-industrien sarearen sorrera bizkortzeko behar diren ideien, kapitalaren eta pertsonen merkatuaren eraketari bultzada eman nahi dion proposamena da. Ekimen horrek zenbait fase izan ditu: proiektu-bilatzea lehiaketaren berri ematearekin hasi zen, eta, horretarako, publizitate-sistema oso originalak eta gazteengandik hurbilak erabili ziren: web-orria, paskinak, gazteei zuzendutako irratiak... Horrela, bada, 20 proiektu baino gehiago aurkeztea lortu zen, eta horietatik 10 aukeratu ziren, berrikuntza-, lotura- eta bideragarritasun-irizpideen arabera. Proiektugile horiek ekintzaileentzako bi eguneko prestakuntza jaso zuten: sormen-proiektuak nola eratu aholku eman zien David Parrishek (sormen-negozioetako kontsultari britainiar entzutetsua eta CZ-ren ohiko kolaboratzailea). Azkenik, irabazlea aukeratu da, eta BBKren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez, finantziazioa eskaini zaio proiektua gauzatzeko, bai eta CZ-ren aholkularitza ere, zeinak bere esperientzia haren esku jartzen baitu proiektu fase guztietarako.

Bestalde, “arrisku-kapital sortzaile” moduko bat ere lantzen ari gara, sormenaren alorreko eragileak  eurak konprometi daitezen sormen-enpresen sorreran, hots, finantziazioan eta sustapenean.

Soirmenaren alorreko industrien eta haien produktuen inguruan merkataritza-jarduera garatzea da Creativity Zentrumen hirugarren ardatza. Horretarako, hasieratik ikusi du beharrezko erabilera anitzeko azpiegitura izatea. Alde horretatik, zer ikuspegi ari zarete aplikatzen merkaturatze horretan, eta zer konta diezagukezu esparru horren eratze-prozesuaz?

Sormenaren esparruan, enpresa gehienak txikiak dira: autonomoak, gehienez ere bizpahiru langile dituzten enpresak...  Enpresa horiek oso gaizki banatzen/merkaturatzen dute, ez dutelako denborarik, edo gogorik, edo hor ari den jendearen ezaugarri pertsonal eta profesionalengatik, merkatutik baino gertuago daudela artetik uste baitute. Mundu mailan, mikroenpresa-oinarri horren gainean, enpresa banatzaile eta erosle handiz osatutako tontor bat dago. Panorama hori ikusirik, CZ-k eredu teoriko bat du merkaturatzearen arazoari aurre nola egin azaltzeko: mikroenpresa horiek guztiak talde bakar batean bildu, enpresa handiak talentu berriz hornitzeko merkatua osatzen duen taldea, hain zuzen. Gainera, gauden aro digital honetan, zerbitzuek eta ondasunek aise bidaiatzen dute, ez dira garraio-azpiegitura edo sistema handiak behar. Horri esker, mikroenpresak erakargarri bihurtzen dira enpresa handientzat, eta haien arreta bereganatzen dute.

Sormena garatzeko azpiegitura espezifikoaren beharrari dagokionez, kontuan hartu behar da eraikuntzak ez direla elementu neutroak edukiarekiko, espazioek baldintzatzen baikaituzte.  Horregatik da beharrezkoa gune bat sortzea, jendea han denbora gehiago ematera animatzeko moduko gunea, elkarri eragiteko aukera emango duena.  Azken finean, sormena lantzeko giro egokia sortu behar dugu, sektore sortzaile guztiak bildu eta sinergiak eratzeko; izan ere, horrelako zentro batek ingurua biziberritzen laguntzen du. Bestalde, sormen-alorreko enpresek inguruneko beste esparru batzuk hartzea eragin dezake “gainezkatze-efektuak”, eta, horrela, masa kritikoa mugiarazten duen enpresa-mintegi bat sortu.

CZ-k berme osoko proiektua du, badakigulako zer, nola eta norekin egin: Creative Spaces Management, sormen-guneak eratzen espezializatutako enpresa.