Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Processual publishing. Actual gestures

Mag.net Reader-ek bere hirugarren alean aurkezten dituen artikuluen eta eztabaiden laburpena, “Papera eta Pixela” lemaren inguruan Documenta 12 magazines proiektuaren baitan izandako eztabaiden ondorio gisa.

Izenburua: PROCESSUAL PUBLISHING. ACTUAL GESTURES
Egilea/Erakundea: Nat Muller, Alessandro Ludovico
Hizkuntza: ingelesa
Orri-kopurua: 124
Argitaratze-data: 2008
ISBN: 978-1-906496-20-3
Non eskuratu: http://www.magnet-ecp.org/node/61

portadaMag.net Reader-eko ale honek hiru ikuspuntutatik aztertzen ditu gaur egungo argitalpen independenteak: arte-ekintzetarako toki gisa ("Argitaratzearen artea"); irakurle guztiek modu zehatz batean parte hartu ahal izateko oholtza gisa ("Publikoa publikatzen"); eta botere nagusien azpiegitura informatiboen aurka borrokatu ahal izateko toki gisa ("Hacktibista publikazioa"). Eremu horiek elkarrekin lotzen dituen elementua ezagutza hedatzeko baldintzen eta taktiken azterketa da.

Argitaratzearen arteari buruz ari den atalean, “Fitxategi Aktiboaren Aldeko Manifestua" gisako artikuluak daude. Artikulu horretan, Arteleku eta Constant kolektiboek beren proiektua xehetasun guztiekin azaltzen dute. Proiektu hori, kulturari buruzko fitxategi digitalen bidez edukiak zabaldu ahal izateko metodo parte-hartzaileen bilaketan oinarritzen da. “Erauzitako ahots baten adibideak” artikulua ere interesgarria da; aginte-gunearen ideia eta dokumentu historikoen egiazkotasuna zalantzan jartzen ditu. Bestetik, Blogen artearen erreginetan erregina den Regine Debatty-k nazioartean arrakasta duen on line argitaratze-plataformaren kudeaketan idazteko trebezia profesionala eta etika pertsonala nola bateratzen dituen azaltzen digu “Dirua egiten dugu, ez artea” blogean. Atala Christina McPhee-ren ekarpenarekin amaitzen da: on line mundu aztoratuaren barruko ezaugarri paregabeei buruz hitz egiten digu, non posta elektronikoetako iragarkien erritmo lasaiak zuri-beltzeko testuaren estetika zuhurrarekin bat egiten duen pantailan.

Publikoa publikatzen izeneko atalean, Jelena Vesic komisario eta arte-kritikariak gaur egungo artearen munduko eduki intelektualaren ekoizpena aztertzen du. Ildo beretik, eta parte-hartzeak egungo praktika artistikoari lotutako esfera publikoak sortzen dituen ideiarekin bat etorriz, Jaime Ireguik eta Patricia Canetti & Leandro de Paulak ekoizpen-ereduez eta -baldintzez eta kritika artistikoez hitz egiten dute.

Hacktibista publikazioa izeneko azken atalean, Fran Ilich-en argitaratze-jarduerei buruz hitz egiten da, eta haien artean sab0t liburuxka hibridoa nabarmentzen da: edonondik erraz jaits daitekeen pdf-a da, eta, literalki, edukia zuzenean irakurlearen eskuetara bultzatzen du. Bestalde, “Publiko lausotua, ideien zirkulazioaren egungo eraldaketan onartu gabeko taldea” artikuluan, Andrew Murphie-k bere 23 tesiak aurkezten ditu argitalpenen industriaren eta haren eredu berrien izaerari buruzko espekulazio panoptikorako oinarri gisa, hezkuntza-ereduen eta haien paradigma zaharkituen kritikatik eratorriak. Mute-NDS (Network Distribution System) taldearen azken proiektuaren berri ere ematen da. Kaotikoki lotutako infoesferaren 1 barruan, zabaltze fisikorako eredu alternatibo eta eraginkor bat sortzeak inprimatzeari ekarriko lizkiokeen arazoak aztertzen dira proiektu horretan, eta kultura-ekoizpen independenteak sortzeko, saltzeko eta zabaltzeko berezko azpiegitura bat proposatzen da. Azkenik, Miguel Carvalhais-en parte-hartze grafikoa dugu: idatzizko lana elkarren artean lotzen duten eta ikus-eremu guztian banatzen diren leiho digital txiki gisa irudikatzen diren informazio-bitei buruzkoa da.

Argitalpena Arteleku-Gipuzkoako Foru Aldundiak eta LabCulturek finantzatu du, eta Creative Commons-en lizentziarekin argitaratu da.


1 Infoesfera 90. hamarkadatik erabiltzen den hitz bat da eta Internetek, gizarteak eta kulturak izan duten bilakaerari buruz espekulatzen du. "Informazioa" eta "esfera" hitzak bere baitan biltzen dituen neologismoa da.