Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

EAEko Kultura-industrien eta Arteen egoera, arte eszenikoen produktore eta programatzaileen nahiz ikus-entzunezkoen produkzio-etxeen azterketa

Kulturaren Euskal Behatokiak arteei eta kultura-industriei buruzko estatistikatik ateratako ondorio nagusiak, 2007. urteko erreferentzia-datuekin, eman ditu ezagutzera.

 

Arte Eszenikoetako produktoreak: Antzerki eta Dantza Konpainiak

  • Konpainia-mapa zabala. Arte eszenikoen produkzio-sektorea 68 konpainiak (50 antzerki-konpainia eta 18 dantza-konpainia) osatzen dute. Neurriari eta espezializazioari dagokionez askotarikoak badira ere, 5 konpainia dira sektorearen buru, eta guztizko fakturazioaren % 33 biltzen dute.
  • Finkatutako ibilbideak dituzten agenteak. Antzerki-konpainien mapan ikus daiteke agente ugari daudela (% 56) jarduera gauzatzen, gutxienez, hamar urtetik gorako ibilbidea dutenak.
  • Enplegu egonkorra sortzea. Antzerki- eta dantza-konpainiek, 2007an, lanaldi osoko eta urte osorako zuzeneko 183 lanpostu sortu zituzten, batez beste, eta lanpostu horietako gehienak finkoak ziren.
  • EAEko mugak gainditzen dituen antzerki-jarduera bat. 2007an, antzerki-konpainiek 5.000 antzezpen baino gehiago egin zituzten; horietatik % 40 Estatuko gainerako eskualdeetan biran, eta % 6,6 atzerrian barrena.
  • Zeregin publikoak duen garrantzia dantzari eusteko. Sektorearekiko laguntza publikoa txiki samarra bada ere (konpainien diru-sarreren % 14,6), alde nabarmenak daude antzerki-konpainien eta dantza-konpainien artean. Dantza-konpainien diru-sarreren % 33,7 diru-laguntzetatik eratortzen da eta, hori, berez ahula den sektore honen ezaugarria dugu (zorpetzeko gaitasun gutxi edo batere ez, “autoustiapen” handia, behinbehineko lana).

Arte Eszenikoen programatzaileak: Aretoak eta Jaialdiak

  • 650.000 ikusle baino gehiago erakartzea lortzen duen jarduera eszenikoa. Euskal jarduera eszenikoak, 2007an, 1.045 ikuskizun programatzea lortu zuen eta, guztira, 3.318 emanaldi.
  • Musika-antzerkiak aretoak betetzea lortu du. Preziorik altuena (31 € batez beste) jartzen duen teatro-generoa den arren, musika-antzerkiak du okupazio-mailarik handiena (% 75).
  • Euskara, haurrentzako antzerkiaren hizkuntza. Euskara nagusitzen da batez ere haurrentzako antzerkian (hizkuntza horretan egindako antzezpenak % 80 baino gehiago baitira); aitzitik, helduentzako antzerkiaren kasuan, euskararen presentzia antzezpenen % 18,4raino jaisten da.
  • Erakusketa-areto nagusietan gauzatzen den jarduera nagusi den sektorea. Bost antzoki nagusiek diru-sarreren ia % 70 biltzen dute.
  • Arte eszenikoen programatzaileek zuzeneko 230 lanpostu baino gehiago sortzen dituzte. Lanpostu horietako asko areto nagusietan biltzen dira (95 lanpostu), eta horrek esan nahi du 20 langile inguruko plantillak dituztela, batez beste, areto bakoitzean.
  • Denboraldirik ez izatea. Euskal arte eszenikoen egoeraren ezaugarrietako bat da konpainiek ia ez dutela denboraldirik egiten areto berean. Horrek eragiten du, emanaldi bakoitzeko, batez beste, 2 emanaldi ez egitea leku berean, ez helduentzako antzerkiari dagokionez, ezta haurrentzako antzerkiari dagokionez ere.
  • Sektore publikoaren laguntza. Euskal sektore publikoak 40 € inbertitzen ditu ikusle bakoitzeko, batez beste; 37 € aretoetako programazio egonkorraren kasuan, eta ia 48 € jaialdien kasuan.

Ikus-entzunezkoen industria: Produkzio-etxeak

  • ETEetan oinarritutako enpresa-sarea. Ikus-entzunezkoen industriari lotutako enpresa-sarea produkzio-enpresa txikiek eta ertainek osatzen dute gehienetan. Dimentsio handiena dutenak telebista-produkzioan jarduten dutenak dira (egun dauden 16etatik 11k milioi bat euro baino gehiago fakturatzen dute urtean).
  • Lanpostuak sortzeko ahalmen handia duen industria. Ikus-entzunezkoen industriak zuzeneko 916 lanpostu sortu zituen 2007an, enplegu gehien sortzea lortu zuen sektorea da, beraz.
  • Produkzio gehiena telebistak gauzatzen du. 2007an, euskal produkzio-etxeek 875 produkzio egin zituzten; horietatik % 40 telebistarako produkzioak izan ziren.
  • Tokiko ekipoen parte-hartzea nabarmen aldatzen da produkzio motaren arabera. Telebistako programak eta serieak dira garatzeko euskal ekipoak gutxien erabiltzen dituztenak (euskal partaidetza % 43,4 da); dokumentalak egiteko, ordea, tokiko ekipoetara jotzen da (% 98,8).
  • Sektore autonomoa. Ekonomiari dagokionez, ikus-entzunezkoen industria sektore publikoarekiko autonomoa da gehienbat. Zinemaren eta dokumentalen produkzio-etxeek dute –produktu artistikoagoa egiten dute eta balio komertzial txikiagoa duena– laguntza publiko gehien (diru-sarreren % 18,3).
  • Euskarazko produkzioek telebistaren laguntza jasotzen dute. Telebistak euskarazko produkzioen % 40 finantzatzen du, gaztelaniazko produkzioen kasuan, aldiz, laguntza hori bera % 27 ingurukoa da.

Lotura Arteei eta Kultura Industrieei buruzko estatistiketara